Andoni ORTUZAR ARRUABARRENA
Andoni Ortuzar naiz, kazetaria ogibidez eta bokazioz. Etapa honetan, politikarekin eta nire alderdiarekin konpromiso handia daukat, Bizkai Buru Batzarreko presidente naizen aldetik.
Nire gurasoak biak nazionalistak ziren, eta hamalau urte nituenean, 1976an, EGIko militante nintzen. Bi urte geroago EAJko kide egin nintzen. Niretzat ekintza naturala izan zen, giro politikoa pil-pilean zegoen, eta, oso gaztea nintzen arren, nire herriarekin konpromisoa sendotzeko beharra sentitu nuen. Lerro hauetan ikusi dut bi aldiz aitatu dudala konpromiso hitza. Izan ere, niretzat oinarrizkoa da. Konpromisoak hartzen dituen jendea gustatzen zait, ez politikan bakarrik, baita edozer zeregin sozialetan ere.
Nioen bezala, Kazetaritza ikasi nuen EHUn, Leioan, eta harro nago bertan ikasi izanaz. Zorte ona izan nuen eta berehalaxe topatu nuen lana; egia esan, bizitzan zorte ona izan dudala uste dut. Euskal Telebistara zihoan jendeak utzi zuen tokietako bat betetzen hasi nintzen Deia egunkarian, 1982an. Horren aurretik Herri Irratiko korrespontsal izan nintzen, baita Deiakoa bertakoa ere Mehatzaldean, nire habitat naturalean. Sanfuenteseko semea naiz (munduko hiriburua) eta bertantxe bizi naiz, Serantes atzean eta Trianoko mehatzeak aurrean (herri honen iragana ez ahazteko). Nire etxera Arena hondartzako kresala iristen da; orduak eman ditut hondartza horretan, eta hala egiten jarraitzen dut uda-partean. Bi alaba ditut, Garazi eta Maddalen, eta txora-txora eginda naukate. Haietaz hitz egiten dudanean Kantauri itsasoaren emaria handitu egiten da, isurtzen dudan lerde kopurua dela eta. Baina, egia esateko, nire bi sorgintxoek edonori samurtzen diote bihotza. Lastima nik nahi beste denbora ez izatea haiekin egoteko.
1987an Eusko Jaurlaritzara joateko eskaintza egin zidaten denbora labur baterako (EAJ bereizi osteko garaiak ziren), eta baiezkoa eman nuen, inolako zalantzarik egin gabe. Hamaika urtez egon nintzen bertan, eta, kazetari lanez gain, Jaurlaritzaren nazioarteko politika atontzea ere tokatu zitzaidan, Kanpo Ekintzako Idazkaritza Nagusitik. Urte zoragarriak izan ziren. Izugarri gustatzen zait gauzak sortzea, proiektuak abian jartzea. Gainera, munduan barrena ibiltzeko eta bestelako errealitateak ezagutzeko balio izan zidan garai hark. Asko ireki zitzaidan pentsatzeko modua garai hartan. Ondoren, EiTBko zuzendari izatea eskaini zidaten, eta, jakina, baiezkoa eman nuen. Nire ogibidera itzuli behar nuen, batez ere telebistara, gutxiago ezagutzen nuen arren. Nire lanean garairik onenak izan dira. Ia hamar urte horietan aldaketa teknologikoak ezagutu ditugu, ikus-entzuleak lortzeko borroka egin dugu, gure irrati-telebista mende berrira egokitu dugu, eta euskara poliki samar menderatzeko aukera izan dut. Pena handia eman zidan handik alde egiteak, ez da inolako sekretua. Baina horixe dauka konpromisoak: politikara salto egiteko eskatu zidaten gure alderdiarentzat delikatua zen garaian, eta hementxe nago urtebetez baino gehiagoz BBBn.
Lana taldean bakarrik egin daitekeela iruditzen zait. Beti estimatu izan dut jendez inguratuta egotea. Eta zorte handia izan dut; izan ere, ni baino azkarragoak eta trebakuntza handiagoa zuten pertsonak izan ditut alboan, helburuak lortu ahal izateko. A! Barre egitea izugarri gustatzen zait.
Ibiltaria naiz (orain nahiko nukeena baino gutxiago), baina nire kirol gogokoena pilotalekua da, larruzko paleta modalitatea (bai, bai, benetako gizonezkoa bezala). Astero-astero jokatzen dut, eta batzuetan irabazi ere egiten dut. Nire beste zaletasun bat perretxikotara joatea da. Zuen baimenarekin, ez dizuet esango nora. Baina urtea ona bada, zesto batzuk betetzen ditut onddoz, urritxez eta gibelurdinez...
Nire beste zaletasuna eta pasioa jan-edana da. Jatea ez ezik, sukaldean aritzea ere gustatzen zait. Batez ere, egur ikatzarekin pailan erretzea gustatzen zait, eta etxean izaten ditudan bisita ugariek diotenez, ondo konpontzen naiz, gainera. Ardoaren mundua ere izugarri gustatzen zait (ez edatea bakarrik, e!). Errioxako ardoaren defendatzaile amorratua naiz, baina Somontanoko, Dueroko edota Bordeleko ardoak ere atsegin ditut, baita Argentinako Mendozako ardoak, Txilekoak edota Napa Valleykoak ere. Udan, berriz, txakolina. Ondo ezagutzen nautenek badakite nire isileko anbizioa upeltegi batean lan eginez jubilatzea dela.
Bizkaiako hautagaiak