Gure printzipioa: errespetua

  • Banakako giza eskubideak eta pertsona ororen askatasun zibilak eta politikoak errespetatzea.
  • Gure Herriaren hitza errespetatzea. Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea errespetatzea.

Banakako giza eskubideak errespetatzea; horixe da elkarbizitzaren oinarria.

Ezin da proiektu politiko edo sozialik eraiki pertsonen -pertsona guztien, salbuespenik gabe- banakako eskubideak urratuz. Bizitza errespetatzea da giza eskubide guztiak baliatzeko funtsezko printzipioa.

Ezin da proiektu demokratikorik eraiki eskubide zibilak eta aukera politiko guztien adierazpen eta partaidetza askatasuna urratuz, betiere proiektu horiek defendatzeko bide baketsu eta demokratikoak erabiltzen badira. EAJ-PNV eta EA Koalizioan printzipio horiek gure ekintza politikoaren ardatzat izaten jarraituko dugu, elkarbizitzaren eta demokraziaren funtsezko printzipioak baitira.

Horregatik, EAJ-PNV eta EA Koaliziokook:

  • ETAren indarkeriaren aurka agertu gara.
  • Terrorismoaren eta jazarpen-indarkeriaren biktimen alde egin dugu modu aktiboan.
  • Genero-indarkeriaren aurka agertu gara, bai eta emakumeek bidegabeki jasaten dituzten sexu-erasoen aurka ere.
  • Atxilotuei tratu txarrak ematearen aurka agertu gara, bai eta presoak sakabanatzearen aurka ere.
  • Alderdien Legearen aurka agertu gara, bai eta euskal gizartearen zati bat ordezkatzen duten hauteskunde aukera eta koalizioak politikoki baztertzearen aurka ere.
  • Adierazpen-askatasunaren alde agertu gara, komunikabideak ixtearen kontra eta euskalgintzaren zein euskal kulturaren aurka bideraturiko ekimen eta adierazpen politiko guztien kontra.

Azken batean, giza eskubideen urraketa ororen aurka agertu gara.

Giza eskubide guztiak pertsona guztientzat! Horixe da gure funtsezko konpromiso etikoa, eta horri emango diogu lehentasuna gure ekintza politikoan.

Gure Herriaren hitza errespetatzea.

Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea errespetatzea. Gure Herriaren hitza eta erabakiak errespetatzea beti; horixe da EAJ-PNV eta EA koalizioaren programa politikoak gidari izan duen eta orientatzaile duen konpromiso demokratikoa.

Euskal Instituzioek modu demokratikoan harturiko erabakiak errespetatzea. Azken buruan, euskal herritar gehienen borondatez onarturiko esparru juridikoak errespetatzea, bai eta, euskal gizartearen herri-borondatearen arabera, esparru horiek aldatzeko eta eguneratzeko aukeren legitimotasun demokratikoa errespetatzea ere.

Printzipio demokratiko hori baliatuz, aditzera eman nahi dugu 2004ko abenduaren 30ean Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoak onarturiko Estatutu Politiko Berriaren Proposamena errespetatu eta defendatuko dugula.

Elkartze askean oinarrituta, Estatu espainolarekin beste harreman-esparru bat ezartzen du Proposamen horrek, betiere nazioartean aintzat hartuta dagoen eta 1990eko otsailaren 15ean Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoak onartu zuen autodeterminazio-eskubidearen arabera.

Politikoki ez da onargarria zenbait alderdi -PP eta PSOE, alegia-, Eusko Legebiltzarraren erabakiak gustuko ez dituztela-eta, euskal gizartearen aurrean aurkeztea Eusko Legebiltzarraren erabakiak ez betetzeko asmoa aldez aurretik agertuz. Hori ez da demokraziaren bidea.

Horregatik, gure autogobernua defendatu behar denean, EAJ eta EA koaliziokook honako konpromiso hau eman nahi dugu aditzera: Eusko Legebiltzarraren, Euskal Instituzioen, euskal gizartearen alde egingo dugu beti.

Pertsona guztien giza eskubide guztiak errespetatzea eta gure Herriaren hitza errespetatzea. Horixe da gure printzipioa, gure iparra eta gure gida.