Hauteskunde programa
Hauteskunde
programa osorik
(Pdf, 1,1 Mb)
Euskadirekin dugun gizarte hitzarmena
EAJ-PNV eta EA koalizioa osatzen dugun alderdiok, datorren legealdiak gure Herriarentzat izango duen garrantzi historikoaz oharturik, konpromiso itxaropentsua eta etorkizuneko proiektua proposatzen dizkiogu euskal gizarteari.
Lehenik eta behin, gure Proiektua gure gizartearen gehiengoak ardatz nagusitzat duelako uste osoz egiten diogu proposamen hori, normalizazio politikoa eta bakea nagusi dituen jokalekua lortzeko apustua egin duen gizartearen bide nagusia delakoan, alegia.
Jokaleku horrek bi funtsezko oinarri ditu: bizitza errespetatzea eta Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubidea errespetatzea. Bigarrenik, euskal gizartearen aldarriari erantzuteko arduraz, Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoz onarturiko Estatutu Berriaren Proposamena oinarritzat hartuta, Estatuari elkarrizketa eta negoziazio prozesua ireki dezan eskatzeko aldarriari erantzuteko arduraz, hain zuzen ere.
Hirugarrenik, esandakoa bete izanak ematen dion pozaz euskal gizartearen aurrean aurkezten denaren bermeaz.
Laugarrenik, euskal gizarteari honako hauek eskaintzen dizkionaren konfiantzaz: printzipio etiko eta demokratiko zintzoak, bide garbia eta zehatza, Eusko Legebiltzarraren babesa duen Proposamen politikoa, gure konpromisoak betetzeko berme irmoa eta Euskadiren gizarte-eraikuntzan aurrera egiten jarraitzeko etorkizuneko proiektu bat.
Eta azkenik, Euskadiren etorkizun politikoa hurrengo hogei urteetan baldintzatuko duen legealdiari ekiteko ilusioz. Hitz batean, “Erabakiak hartzeko legealdiari eta aurrera egiteko legealdiari” ekiteko ilusioz.
EAJ-PNV eta EA Koaliziokook gizarte-kontratu bat proposatzen diogu euskal gizarteari legealdiaren honako bi erronka handi hauei erantzutearren: “Erabakitzea eta Aurrera Egitea”. Elkarbizitzarako proiektu sendoa proposatzen dugu, Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoz onarturikoa.
Buruzagi zintzoa, koherentea, langilea eta eraginkorra aurkezten dugu: Ibarretxe Lehendakaria. 604.222 lagunen indarra duen eta euskal gizartearen ardatz nagusiaren ordezkari den hauteskunde-koalizioaren ilusioa eta adorea eskaintzen dugu.
