Lehendakariari galdetu

Kanpainan zehar zabalik izan dugu "Lehendakariari galdetu" atal hau. Milaka mezu jaso ditugu. Galdera guztiei erantzuten saiatu gara; eta galdera-erantzunetako zenbait atal honetan ere publikatu ditugu. Oraindik ere galderaren bat egin nahi baduzu, erabili ezazu kontaktu-orria. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez, zuen galdera, babes eta iradokizunengatik.

Nire iritziz ur aratza baino garbiago gelditzen ari da etengabe dagoela fronte espainol bat euskaldunen kontra (Frantziakoak ahaztu gabe) eta dena batzuk+dagoela haien jomugan: EGIN, Egunkaria, Batasuna, Euskal Herriko gazteak, Zumalabe Fundazioa, AEK, Aukera Guztia babestu duten milaka herritar... Euskal Herriaren askatasuna eta erabakitzeko eskubidea errespetatzen ez dutenek behin baino gehiagotan erakutsi dute edozer egiteko prest daudela eta terrorismoarena aitzakiatzat erabiltzen dute beren politika aurrera eramateko. Eta hauteskundeetan indar batzuk debekatuta badaude uste dut behintzat argi eta garbi esan behar dela ez direla guztiz demokratikoak eta pauso ausartak eman behar direla egoera konpontzeko (zer bitxia lehengo egunean Ibarretxe ETBko eztabaidan abertzaleak ez diren hiru ordezkariren aurrean bakarrik agertzea! Baten batek pentsa lezake Euskal Herrian gehiengoa direla ez-abertzaleak, haien ahotsa gehiago entzuten da-eta.): planto egiten, debekatuta dauden indarrak benetan errekonozitzen..., ez dakit zer baina zerbait gehiago egin beharra dago. Euskal Herriak aurrera egingo badu ezinbestekoa da abertzaleen batasuna.

Gu ere bat gatoz zurekin gehien-gehientsuenetan. Jakin badakigu ere ETB2ko eztabaidan parte hartu zutenek ez zutela euskal gizarte osoa ordezkatzen. Egia ere izan arren, falta ziren hainbatek ez duela ahalegin handirik egiten euskal politikagintzan parte hartu ahal izateko, nahiz sarri euren eskasiak inori leporatu.

Hain zuzen ere, ETB2ko eztabaida ikusi zenuenez gero, ohartuko zinen noski Ibarretxe izan zela han ez zeudenen eskubide demokratikoak defendatu beharra aldarrikatu zuen bakarra.

Egia da, bai, abertzaleen arteko batasuna behar-beharrekoa dela, baina egia ere bada batasun hori zaila dela parte batek ekintza armatuaren logikari eta dinamikari eusten dien bitartean. Hitzegiterik bai, noski, baina honez gero ez dago egitasmo bateraturik abian jartzerik mahai gainean pistolak uxatzen ez dituenarekin.

Dena den, zuk bestelako xehetasunik gabe ere ulertuko duzulakoan: Anoetako mezuak abertzale ez direnekin ere akordiotara iritsi beharra proposatzen zuen. Zuk uste al duzu AG onartzerik eza eta EHAK ontzat ematea ustekabean gertatu dela?

Eskerrik asko eta eutsi goiari¡

Honako gutun hau hurrengoko kezka pertsonala adierazteko da: Gaur egun Euskadin langabezian edo lan kazkarretan dauden hainbat euskal gazte tituludunetako bat naiz. 2001.eko ekainean magisteritzako ikasketak bukatu nituen,zehatzagoak izateko, lehen hezkuntako berezitasunean. Euskara Gaitasun Agiria ikasturte berean lortu nuelarik. Noiz irekiko dira lehen hezkuntzako zerrendak? zehatzagoak izateko gaur eguneko lehen hezkuntzako planakoentzat, eta ez bakarrik aurreko planerako titulatuentzat, orain arte egiten den bezala.

Dakizunez, irakasleen ordezkapenak egin ahal izateko adina pertsonarik ez dagoenean irekitzen dira izangaien zerrendak. Egia da duela zenbait urtetatik hona ez direla Lehen Hezkuntzako zerrendak irekitzen, behar izan ez delako.

Lehen Hezkuntzako zerrendan bi gorabehera gertatzen dira. Alde batetik, habilitazioen araudiak Lehen Hezkuntza emateko trebatzen ditu Maisutzako edozein espezialitate dutenak eta, bestetik, zerrenda kudeatzeko araudiak horretarako habilitazioa duten beste espezialitate batzuk emateko aukera ematen die zerrendan dauden izangaiei urteroko birbaremazio-prozesuan. Ondorioz, orain arte Lehen Hezkuntzako zerrendan beti izan da sortzen diren ordezkapenak betetzeko adina izangai.

Dena den, hau zuzena ez dela kontuan hartuta eta Maisutza-titulua duten pertsonei Lehen Hezkuntzako espezialitatearen zerrendetara sartzeko aukera emateko asmoz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Lehen Hezkuntzako zerrendak irekitzeko asmoa du HE2 duten izangaientzat 2005eko urriaren hasierarako, ikasturtearen hasierako prozesuek bukatu ondoren. Ohikoa denez, igande batean iragarriko da prentsan, baita web orrian ere, eta bost eguneko epe bat irekiko da eskaerak aurkezteko. Informazio gehiago behar izanez gero, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net.en kontsulta dezakezue, pertsonala/pertsonal irakaslearen hornikuntza/ordezkapenak egiteko izangaiak-en.

Besarkada bat.

Ibonek: Noiz izango ote dugu aukera Osakidetzako anbulategi eta erietxetan eta Ertzantzako komisaldegietan euskeraz hitzegiteko? (Lotsagarria da gaur egungo egoera)

Ibon adiskidea:

Euskararen erabilera bermatuta dago Ertzaintzaren edozein zentrotan herritarren arreta-zerbitzuan. Nolanahi ere, segurtatu digutenez, ertzainek EAEko Herri Administrazioko gainerako funtzionarioen proportzio berean erabiltzen dute euskara, eta etengabe gehituz doa euskara ikasten duten ertzainen kopurua.

Bestalde, Osakidetzan egindako ahalegina ere erabatekoa da eta nabarmen asko sumatzen da, gero eta gehiago. Ez dakigu nondik idazten diguzun baina, Mendaro, Arrasate, Zumarraga edo Donostiako ospitaletan, esate baterako, izugarria da, begi bistakoa, azken urteotan egin den jauzia euskararen onetan.

Zentzu honetan, gauza jakina da euskaldunok oso aldarrikatzaile onak garena eta hala behar du izan, gainera, baina, ematen ere jakin behar da, eta sarri asko Administrazio Publikoa bere inguruaren isla da.

Alegia, egia da, Nafarroan ez bezala, euskara ofiziala dela Euskal Autonomi Erkidego guztian zehar, baina, hori egia izanik, egia ere bada herrialde guztiek ez dutela euskaldun-kopuru eta euskal grina berbera ematen. Administrazioaren harrobia herria bera da.

Besarkada bat

Lapurdiko euskal herritarra naiz. Nola mintza zaitezke euskal herritar guzien izenean egin gogo duzun kontsultak ere gu beti kanpoan uzten gaituelarik ?

Jean Martin adiskidea:

Zalantzarik ez gero zu ere euskal herritarra zarenik. Laurehun urte bai Axular Sarako erretore jaunak Euskal Herriko zazpi lurraldeak banan banan aipatu zituelarik.

Baina, egia ere bada, oraingoz bederen, herri-bozketa egitekotan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egin ahal izanen dela. Geroak erranen du gainerako Euskal Herrirat ere hedatuko ote den baina, Axularren erran bezala, ez gara "geroko gerotan" geldituko.

Izan ontsa.

Abaltzisketatik idazten dizut, eta galdera batzuk egiteko baldin badauzkat ere, lau urte hauetan eman dizkidazun erantzunak eta betetako hitzak balio didate oraingoz. Zurea bai euskaldunaren hitza "palabra de vasco" eta ez beste batzurena. Dena den, atzo zurekin egon ginenean nire andreak komentatu zizun foro garrantzitsu batean beste kandidatoek erantzun dutela galdera hainbati buruz, eta zuk oraindik ez duzula egin.

Iñaki adiskidea: Gaur bertan Ibarretxe lehendakariak euskeraz zein erdaraz aritu da "txateatzen" (erantzuten alegia) www.ibarretxe.com webgune honetan bertan.

Bestalde, atal honetan bertan ere Lehendakariari berari galderak egiteko aukera dago. Bere kanpainako kideok erantzuten ditugu, baina mezu guztien kopia helarazten diogu Lehendakariari.

Lehendakariak bere izeneko webgune honetan soil-soilik parte hartu zezan erabaki zuten kanpaina-arduradunek, dozenaren bat eskakizun baitzegoen --zuk behean aipatzen duzun hori tarteko--, eta Lehendakariak nekez erantzun baitzezakeen batzuetan bai eta besteetan ez.

Dena den, eskerrik asko eta eutsi goiari.

Gobernu berri honetan, irabazten baduzu, nor izango da lehendakariordea?

Jaso dugu zure posta, eta Lehendakariari berari luzatu diogu, zure galderaren berri jakin dezan, galdera zuzen-zuzena da-eta.

Egunero jasoten dugun email pilari erantzuten ahalegintzen garen taldea gaituzu eta galderarik gehienei erantzuteko prestaturik edo gauden arren, ez daukagu zure horri erantzuteko besteko informaziorik.

Hala ere, Lehendakaria ezagututa, ez dugu uste inork jakingo duenik, ezta lehendakariordeak berak ere, 24 ordu lehenago arte.

Lehendakariak betidanik uste izan du gizarte mediatiko honetan gauzak sekretupean gordetzeko modurik seguruena inori ez esatea dela. Eta horretan oso zorrotza da.

Dena dela, gure uste apalez, bada datu objektibo samarra: Legebiltzarrak onartutako Gizonezko eta Emakumezkoeen arteko Berdintasun Legearen bultzatzailerik handienetako bat Lehendakaria bera izan denez gero... mundu guztiak uste du aurreko Jaularitzan baino emakume gehiago izango dela hurrengoan.

Bilbokoa naiz 32 urte ditut eta nire lan-bizitza oso laburra ez dut lanik aurkitzen. Lortu ditudan lanak prekarioak eta laburrak izan dira. Guzti horren errua Confebask-i leporatzen diot. Enpresek urtero etekin oso handiak lortzen dituzten bitartean lan finkoa ez daukagunok kale gorrian Gelditzen gara. Gurasoei (nire ama alargun geratu da) esker bizi duina manten dezaket bestela jai neukan aurrera ateratzeko. Zergatik hainbeste goraipatzen dituzu enpresarioak?. Nire egoera eta beste askoren egoera ikusita goraipen horiek sutan jartzen naute.

Guri ez dagokigu erakunde jakineko batez baloraziorik egitea. Uste dugu, hala ere, enpresarien artean ere denetarik dela, langileen artean, irakasleen artean, medikuen artean eta bestelako guztien artean dagoen bezalaxe.

Zu, oraindik, gaztea zara eta ezin duzu gogoan izan 1970 eta 1980ko hamarkadetan "enpresari" izenak eta izanak gure gizartean izan zuen balorazio txarra. Hain txarra eze, inork ez zuela nahi enpresari izan eta enpresarien seme-alabek ere nahiago izan zutela lanbide autonomo edo liberalen bat aukeratu, enpresaburu izan baino. Eta, enpresak itxiez gero, jai dago.

Euskadik enpresak eta enpresariak behar ditu. Gaur egungo gizarte eta merkatu irekian ez dago enpresa eta enpresaririk gabe iraungo duen Herririk. Ahalik eta enpresa eta enpresaririk onenak, jakina, baina enpresa eta enpresariak.

Beste sistemarik aurkitzen ez den bitartean enpresaria da enpresa ireki eta lanpostuak eskaintzen dituen bakarra. Ez dago besterik. Horregatik da hain garrantzitsua gazteek enpresaz arduratzea nahi izatea, enpresa berriak egon daitezen eta lanpostu berriak sortu daitezen.

Gazte guztiek ezin dute langile izan. Norbaitek eman behar die lan-aukera.

Honek ez du esan nahi enpresari izateagatik edozer egin daitekeenik, dena libre denik eta enpresari guztiek errespetu berbera merezi dutenik. Baina, kasu konkretuetan sartu gabe, enpresariaren funtzioa behar beharrezkoa da.

Kanpainaren indarra handitu beharr ikusten dut. Ez dut esan nahi ematen diren mezuetan edota egiten diren ekitaldi politikoetan. Kartelak pegatu egin behar dira herrietan, herri txikietan... eta apurtu egiten badituzte (herri askotan gertatzen da) berriz ere jarri behar dira. Hau da adibidez Durangoko kasua. Besterik gabe, kanpaina ongi doala iruditzen zait. Oso lan ona.

Eskerrik asko ere zirika aritzegatik, guztion onerako izango delakoan.

Zure iritzi eta proposamenak kanpaina-arduradunari luzatuko dizkiogu jakitun egon dadin eta egin beharrekoak egin ditzan.

Berriro ere eskerrik asko. Besarkada bat eta eutsi goiari.

Zergatik lehendakariak horrenbeste hitz egiten du alderdien legearen aurka eta gero ez du ezer egiten? Zer egiteko prest dago ? Eta zergatik bidaltzen du ertzaintza Batasunaren mitin politikoak zapuztera ? Ertzaintzaren lana al da euskal alderdiak jazartea, legeak esan arren?

Behar bada arrazoi duzu esaten duzunean ez dela nahiko hitzegitea baina, guk dakigunez, hitzegin ezezik, zenbait ekintza zehatz egin dutenen artean EAJ-PNV eta EA koalizioa dago, batez ere gainera.

Ondo dago inori kontuak eskatzea baina...

Zuk ba al dakizu zergatik Batasunak ez zuen bere ilegalizazioa ekidin, bere abokatuek eskaintzen zizkioten bideei muzin egin eta ETAren menpe ezer ez egitea erabaki zuenean?

Zuk galdetu al diozu Sozialista Abertzaleak taldeari zergatik, EAJ-PNVk, EAk eta EBk Eusko Legebiltzarrean Batasunaren ilegalizazioa errekurritzearen alde botatu zutenean, SAk errekurtsoaren kontra botatu zuen PP eta PSErekin batera?

Galdetzen hastekotan, zuk galdetu al duzu zergatik, EAJ-PNVk eta EAk Batasunaren ilegalizazioa Europako Batasunean salatu nahi izan zuenean, SKk kontra egin zuen PP eta PSErekin batera?

Zuk ulertzen al duzu zergatik azken lau urteotan SAk ehun aldiz baino gehiagotan botatu duen hiruko jaurlaritzaren kontra eta PP eta PSEren alde?

Zuk benetan uste al duzu EAJ-PNV eta EA izan direla Aukera Guztiak-en parte hartzea eragotzi dutenak eta PCTV-EHAK-ren aurrean ezikusi egin dutenak?

Zuk ba al dakizu zergatik Batasunaren inguruko ezker abertzaleak gutxiesten duen hain nabarmen eta lotsagarri Aralar inguruko ezker abertzalea?

Gorrotoa ikusi eta salatzerakoan, seguru zaude beharrezko aldera ari zarela begiratzen?

Lehendakariak esan du poztuko litzatekeela Otegik ETAri armak uzteko esango balio, Adamsek IRAri egin dion bezalaxe, bide politikoetatik jokatzeko denek dutelako aukera berdina. Debekatua izan den "Aukera Guztiak" hauteskunde elkarteari buruz ari ote da? Zoritxarrez uste dut gero eta jende gehiagok pentsatzen duela bide politikoak ixten ari direla.

Ez dugu zehatz mehatz ulertzen zer esan nahi duzun. Gure ustez Ibarretxe lehendakariak behin eta berriz aldarrikatu ditu AGk hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea eta zilegitasuna. Aldarrikapen hori egiteagatik izan da, hain zuzen ere, behin eta berriz kritikatua.

Dena den, zuk benetan uste al duzu AG debekatzeak eta EHAK onartzeak elkarrekin zer ikusirik ez duten bi erabaki ezberdin direna?

Hurrengoak »