Kanpo Proiekzioa
- Ekonomia Sustatzeko Erakundeen Arteko Plana aplikatuz, Industria Sustapen eta Birmoldaketarako Sozietatearen (SPRI) Kanpo Sarea zabaldu eta 5 bulego iraunkor gehiago ireki ditugu AEBetan, Txinan, Brasilen, Polonian eta Txekian; kontuan harturik Argentinan, Txilen, Venezuelan, Mexikon eta Kuban ere bulego bana dugula, guztira 10 bulegoko Kanpo Sarea osatu dugu. Gainera, SPRI sozietateko nazioarteko agentesareak beste 15 herrialdetan ere badihardu, euskal enpresa kanpo-merkaturatzea sustatuz.
- Euskadiko Ordezkaritzak sortu ditugu Mexikon (martxoaren 20ko 72/2002 Dekretua), Txilen (otsailaren 11ko 25/2003 Dekretua), Argentinan (otsailaren 11ko 24/2003 Dekretua), Venezuelan (otsailaren 11ko 26/2003 Dekretua) eta Madrilen (urtarrilaren 28ko 9/2002 Dekretua), gure Autonomia Erkidegoa ordezkatzeko eta horren berri emateko organo gisa eta euskal interesak munduan defendatzeko eta sustatzeko tresna gisa.
- Kanpo Politikarako Plan Estrategikoaren oinarrizko ildoak onartu ditugu Gobernu Kontseiluan, Europan eta Ameriketan gure presentzia bultzatzearren eta sendotzearren, bai eta Alde Anitzeko Foroetan parte hartzeko aukera sustatzearren ere.
- Akitaniako Eskualdearekin sinaturiko mugaz haraindiko lankidetza-hitzarmen baten bidez, “Akitania-Euskadi Plataforma Logistikoa” deituriko Interes Ekonomikoko Europako Elkartea sortu dugu, bi lurralde horien artean garraioazpiegiturak sustatzearren eta intermodalitaterantz aurrera egitearren.
- Mugaz haraindiko lankidetza-hitzarmen bat sinatu dugu Aragoi, Katalunia, Akitania, Nafarroa, Languedoc-Rousillon eta Midi-Pyrénées eskualdeekin, eta orain arte garaturiko lankidetza bultzatu eta sendotzen duen Partzuergo Publikoa sortu da horrela.
- Diru-laguntzen programak jarri ditugu abian gazteen prestakuntzarako laguntzak emateko eta atzerriko euskal kolektiboetako kideen asistentzia-beharrei eta premia larriko egoerei erantzuteko.
- Garapenerako Lankidetzari buruzko Lege Proiektua onartu dugu garapenerako lankidetzaren eta nazioarteko elkartasunaren arloan Euskal Administrazio Publikoek garatzen dituzten jardunak arautzeko. Proiektu hori desberdintasunak ezabatzeko lagungarria da, bai eta gizarte zibila sendotzeko eta nazioarteko elkartasunaren kultura bultzatzeko ere.
- Garapenerako lankidetzaren arloko politika publikoa osatzen duten programen artean, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoa (GLSF) nabarmendu beharra dago; izan ere, azken bi urteotan 30,5 milioi euro izan ditu laguntzetarako, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Operatiboaren % 0,7.
