Gizarteratzeko Euskal Plana onartu genuen 2003ko uztailaren 15eko Gobernu Kontseiluan, Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Legean eta Gizarte Eskubideen Gutunean aurreikusirikoari jarraiki; Gizarte-bazterkeriaren ikuspegi multidimentsionala du. Planerako aurrekontua 2.586 milioi euro da, eta aurrekontu hori hainbat sailetako jardun ugariren bitartez betearazten da.
Gizarte-bazterkeriaren aurka Planak ezartzen duen ereduak honako hauek uztartzen ditu: etxebizitza, hezkuntza eta osasun arloko oinarrizko beharrak betetzen dituen prestazio ekonomikoen erregimena (Oinarrizko Errenta eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak) eta politika aktibo pertsonalizatua; baztertze-prozesuan daudenak baztertuta gera daitezen saihestea da helburua.
2003ko abenduaren 9an Immigrazioko Euskal Plana onartu genuen. Foru Aldundien eta Gizarte Ekimenaren laguntzarekin egindakoa da plan hori. Etorkinak erabat gizarteratzea da Plan horren helburua; aurrekontuari dagokionez, 44 milioi euro zuzkitu zaizkio hainbat sailetako ekintzak garatzeko eta betearazteko. Planak honako hauek hartzen ditu barne: etorkina gizartezerbitzuen sarean hartzea —atentzio sanitarioko erregimenean—, alokairuko etxebizitza eskuratzea, bai eta hezkuntza-sistema kulturen arteko errealitatera eta hizkuntza-integraziora egokitzea ere.
Apirilaren 6ko 64/2004 Dekretua onartu dugu; Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubide eta betebeharren gutuna, eta iradokizunen eta kexen araubidea onartzen da dekretu horren bidez. Ekimen hori aitzindaria da Estatuan; izan ere, gizarte-zerbitzuetako erabiltzaileen eta bertan lan egiten duten profesionalen eskubideak eta betebeharrak batera barne hartzen dituen lehen araudia da Estatuan.
2003ko apirilaren 15ean Boluntariotzaren Lehen Euskal Plana onartu genuen. Plana berriztatzailea da, eta ahaleginak eta konpromisoak boluntariotzaren eremuan egiten ari den aldaketa eta hobekuntza prozesuan bateratzea proposatzen du. Era berean, Boluntariotzaren Euskal Kontseilua eratu da. Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundien, Udalen eta gizarte-ekimenaren ordezkariek osatzen dute.
2004ko azaroaren 16an Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Euskal Plana onartu genuen; ijitoen bizi-kalitatea, gizarte-ongizatea eta gizarteratzea hobetzera eta ijito horiek euren eskubideak eta betebeharrak baliatzen dituztela bermatzera bideratuta dago plana, hezkuntza, kultura, osasun, etxebizitza, justizia eta enplegu eremuetan gauzaturiko sektore-jardunen bidez.