Konpromiso Demokratikoa

Euskadiko Estatutu Politiko Berria sortzeko hartu dugun Konpromiso Demokratikoa

Legealdiaren hasieran, euskal gizartearekin elkarrizketa eta eztabaida prozesua zabaltzeko konpromisoa iragarri zuen Lehendakariak, Estatuarekin harreman-esparru berria eratzearren. Euskadi eta Espainia Askatasunez Elkartzeko Estatutu Politiko berria eratzearren, alegia.

Helburu hori lortzeko, hamar etapa izan dituen prozesu luze bat burutu da.

  • Lehen etapa: Gobernu-programan eta 2001eko uztailaren 11ko Inbestidura-hitzaldian, Euskadirentzat esparru politiko berria garatzeari begira konpromiso demokratikoari heltzeko beharra proposatu zen Eusko Legebiltzarrean.
  • Bigarren etapa: 2001eko urriaren 25ean, Autogobernuari buruzko Osoko Bilkura Monografikoa zela-eta, Estatutu berri baterako oinarrien hasierako proposamena aurkeztu zen ofizialki Legebiltzarrean. Era berean, oinarri horiek eztabaidatzeko Legebiltzarreko Batzorde espezifiko bat eratzea onartu zuen Legebiltzarrak.
  • Hirugarren etapa: Autogobernurako Legebiltzarreko Batzordea eratu zen. Hamabi hilabetez lanean jardun ondoren, eta politika, gizarte, akademia, sindikatu, enpresa eta kultura arloetako ordezkari ugarik parte hartu ondoren, aipaturiko Batzordeak Ganberaren Osoko Bilkuran aurkeztu zituen bere ondorioak. Ganberaren Osoko Bilkurak honako hau erabaki zuen 2002. urteko uztailaren 12an: “Eusko Jaurlaritzari antolamendu juridikoko proiektu berri bat gauzatu eta hezurmami dezan eskatzea, behin betiko onartu diren oinarrietan eta ebazpenetan oinarrituta.”
  • Laugarren etapa: Legebiltzarraren agindua betez, Politika Orokorreko 2002ko irailaren 27ko Eztabaidan, alderdi politikoek eta euskal gizarteak parte hartzeko prozesu irekiari ekiteko konpromisoa hartu zuen Lehendakariak, gehienez ere hamabi hilabeteren buruan Eusko Jaurlaritzan Euskadiko Estatutu Berri baten Proposamena aurkezteko asmoz.
  • Bosgarren etapa: Gizartearen parte-hartzea. 9 hilabetez, 2002ko urritik 2003ko ekainera bitarte, gizarte-partaidetzako prozesu zabal bat ireki zen; Euskadiko etxe guztietara bidali zen Proposamenari buruzko informazioa, eta era berean, egoki iruditzen zitzaizkien ekarpenak eta iradokizunak egitea eskatu zen. Halaber, eztabaida eta mintegi ugari egin dira berez era guztietako arlo akademiko, profesional eta sozialetan. Prozesu horren ondorioz, 33.000 euskal familiaren ekarpenak eta hainbat fororen gomendioak jaso zituen Jaurlaritzak, eta horiek barne hartu eta kontuan izan zituen Proposamena idaztean.
  • Seigarren etapa: 2003ko irailaren 27ko Politika Orokorreko Eztabaidan, lanen ondorioak aurkeztu ziren, bai eta Eusko Legebiltzarrak 2002ko uztailaren 12ko Osoko Bilkuran onarturiko oinarrien behin betiko garapena ere.
    Jaurlaritzak, Gernikako Estatutuaren 46. artikuluak esleitzen dizkion eskumenak baliatuz, testu artikulatua idatzi zuen, eta Gobernu Kontseiluak, 2003ko urriaren 25ean eginiko ezohiko bilkuran, “Euskadiko Erkidegoko Estatutu Politiko Berriaren” Proposamena onartu zuen. Urriaren 25 hartan eman zioten Proposamenaren testua Eusko Legebiltzarreko Lehendakariari.
  • Zazpigarren etapa: Azaroaren 4an, Proiektua estatutuaren erreformarako Proposamen gisa izapidetzea erabaki zuen Legebiltzarreko Mahaiak. Ondoren, Espainiako Gobernuak konstituziokontrakotasun-errekurtsoa aurkeztu zuen eta Arabako Foru Aldundiak, “Manos Limpias” kolektiboak eta Nafarroako Gobernuak ere errekurtsoa aurkeztu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian.
    PPren eta PSEren talde parlamentarioek behin eta berriz inpugnatu zituzten Mahaiaren erabakiak.
    Otsailaren 9an Proposamenerako zuzenketak aurkeztu ziren; aurkezturiko laurak —PSEk, PPk, SAk eta Ezker Batuak aurkeztu zituzten; Ezker Batuak, geroago, kendu egin zuen berea— osoko zuzenketatzat kalifikatu ziren. Gainera, zatiko 135 zuzenketa aurkeztu ziren.
    Martxoaren 21ean, Erakunde eta Herrizaingo Batzordeak PSEren, PPren eta SA Taldearen osoko zuzenketak atzera bota zituen. Talde Popularra eta Talde Sozialista prozesua eragozten saiatu ziren berriz ere, bozkatzeko modua inpugnatuz. Inpugnazio horiek ere atzera bota ziren.
  • Zortzigarren etapa: 2004ko apirilaren 20an, Konstituzio Auzitegiak atzera bota zuen Gobernu Zentralaren inpugnazioa.
    Legebiltzarreko Erakunde eta Herrizaingo Batzordean eraturiko Ponentzian, politikako, sindikatuetako, enpresetako, unibertsitateko eta gizarte-mugimenduetako pertsona ugari aurkeztu da, eta denek izan dute Eusko Jaurlaritzak onarturiko Proposamenari buruzko iradokizunak eta ekarpenak egiteko aukera.
  • Bederatzigarren etapa: Aurkezturiko zuzenketak Ponentzian eta Erakunde eta Herrizaingo Batzordean eztabaidatu ziren. Batzorde horrek Estatutu Politiko Berriaren Proposamenari buruzko irizpena eman zuen.
    Azkenean, 2004ko abenduaren 30ean eginiko Osoko Bilkuran, Eusko Legebiltzarreko gehiengo osoak Estatutu Berriaren behin betiko testua onartu zuen.
  • Hamargarren etapa: Estatutu Politiko Berriaren Proposamena Gorte Nagusietan aurkeztu da, negoziazio﷓prozesu bati ekitearren.

Lehendakariak elkarrizketa-txanda bat egin zuen talde parlamentarioekin; Alderdi Popularrak ez zuen parte hartu elkarrizketa horietan. Era berean, Lehendakaria Espainiako Gobernuko Presidente Zapatero jaunarekin bildu zen, eta onarturiko Proposamenari buruzko elkarrizketarako eta negoziazio politikorako eremua proposatu zion.

Hurrengo etapak

Aukera guztiak zabalik daude; hala ere, ziur gaude euskal herritarrek nor bere lekuan jarriko dutela eta etorkizunean jarraitu beharreko bidea zein den adieraziko digutela, hurrengo hauteskundeetan ematen duten botoaren bidez.

Lehendakariak 2004ko iraileko Politika Orokorreko Eztabaidan aditzera eman zuenez, gure hauteskunde﷓konpromisoa honako hau izango da hurrengo legealdirako: onarturiko Euskadiko Estatutu Politiko Berriaren Proposamena Gorte Nagusietan negoziatzen ez bada, Eusko Legebiltzarrari baimena eskatuko diogu Eusko Legebiltzarrak onarturiko Proiektua berresteari begira erreferendum baten bidez kontsulta orokorra egiteko, betiere indarkeriarik gabeko jokalekuan eta inor baztertu gabe.