Hauteskunde-deialdia

Otsailaren 2an, bezperan Espainiako Kongresuan Estatutu Berrirako proposamenari ezetza eman ondoren, Lehendakariak, Jaurlaritzaren ezohiko Kontseiluaren ostean, Autonomia Hauteskundeak deitu zituen apirilak 17rako

Estatuari hitz egin eta negoziatu behar duela esan behar zaio

1. Kongresuaren ezetza. Aukera historiko bikaina galdu dugu alferrik.

Atzo aukera historiko bikaina alferrik galdu dela ikusi genuen. Diputatuen Kongresuak muzin egin zion euskal gizarteak luzatutako eskuari, negoziazio prozesu bat ireki eta euskal gatazka konpontzeko luzatu zion eskuari.

Elkarrizketari ezetz esanda eta negoziazioari ezetz esanda, ez dute euskal arazo politikoa konponduko, alderantziz. Proposamena Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoak onartu zuen eta proposamen horrek orain ere 39 legebiltzarkide ditu alde, 2004ko abenduaren 30ean izan zituen berberak. Demokrata batek pentsatu ahal du atzo Gorteek Eusko Legebiltzarri eman zioten ate danbatekoarekin konpondu dela euskal arazoa? Egia esateko, uste dut ezetz, alderantziz.

Eusko Legebiltzarraren BAIari Gorteek emandako EZetza monumentu handi bat da, euskal gatazka badela adierazten duena. Gatazka historiko bat, konpondu gabe dagoena. Horregatik, gaur atzo baino indartsuago aldarrikatu behar dugu, berriro, ERRESPETUA zor zaiola Euskal Herriaren hitzari eta Estatuarekiko elkarrizketari eta negoziazioari ekin behar diogula, elkarbizitzarako bide bakarrak baitira horiek.

2. PP-PSOE ituna. Euskal gizartearen borondatearen aurkako ituna.

Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak, Zapaterok eta Rajoyk –Rajoyk eta Zapaterok﷓ bat egin eta EZetzaren frontea osatu dute. Ez dute negoziatu nahi izan. Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea ukatu dute.

Ondo da, Eusko Jaurlaritzak eta euskal gizarteak argi eta garbi esan behar diogu Rajoy jaunari eta Zapatero jaunari ez direla beraiek izango nahierara gure ordez erabakiko dutenak. Ez dira beraiek izango gure autogobernua erabakiko dutenak unilateralki. Euskadi euskaldunok nahi duguna izango da, ez gehiago ez gutxiago.

3. Nire konpromisoa: Herriari hitza ematea.

Atzo esan nuen Madrilen Kongresuak negoziatu gabe EZetz esaten bazion Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartutako Proposamenari, nire konpromisoa bete eta Herriari emango niola hitza. Guztiok izan behar dugu euskal gizartearen aldarria aditzeko aukera, izan ere, euskal gizarteak Estatuarekiko negoziazio prozesu bat eskatzen du euskal gatazka konpontzeko.

Hitzaren ordua da, euskal gizartearen ordua da. Euskal Herriak, euskal gizarteak, hitz egin behar du.

Argi eta garbi esan behar diogu Estatuari elkarrizketan aritu behar duela, negoziatu behar duela eta Eusko Legebiltzarraren gehiengoaren borondatea errespetatu behar duela.

4. Nire erantzukizuna:herriaren buru izan, argi erakutsi bidea.

Politika egiteko era bakarra dagoela uste dut: jendeari gauzak argi esan, zalantzak argitu, konpromiso zehatzak ezarri eta zintzo bete. Hori da bidea, bide bakarra.

Ildo horretan, honako hau jakinarazi nahi diot euskal gizarteari

Lehena:

Jaurlaritzaren Kontseiluari adierazi diot hurrengo hauteskundeak apirilaren 17an izatea erabaki dudala.

Oso garrantzitsua da hurrengo hauteskundeetan euskal aukera politiko guztiek ordezkaritza izatea. Ezin da inor kanpoan utzi. Horregatik, Lehendakari gisa, euskal herritar guzti-guztien eskubide zibil eta politikoak errespeta ditzala eskatu nahi diot Espainiako Gobernuari. Ez dadila inolako debekurik ezarri. Hautagai zerrenda guztiek edota aukera politiko guztiek izan behar dute hurrengo hauteskundeetan parte hartzeko aukera. Izan ere, gizarte demokratiko batean herritarren botoak izango dira proiektu politikoak epaituko dituztenak.

Guztiok egon behar dugu guztion artean konponbidea urratzeko. Guztiok egon behar dugu elkarrekin bizitzeko guztiok.

Bigarrena:

Jaurlaritzak normaltasunez eta eraginkor jarraituko du lanean legegintzaldia amaitu arte, azken lau urte hauetan egin dugun bezala,

Hirugarrena:

Egun, lege proiektu garrantzitsuak ditugu Eusko Legebiltzarrean tramitatzen. Horregatik, talde parlamentario guztiei arduratsuak izan daitezela eskatu nahi diet, geratzen diren osoko bilkurak onartzeke dauden lege proiektuak onartzeko baliatu ditzagun. Ildo horretan, Berdintasunaren Legea eta Lurzoruaren Legea aipatu nahi ditut bereziki; izan ere, bi proiektu horiek funtsezkoak iruditzen zaizkit euskal gizartea berdintasun gehiagokoa, orekatuagoa, solidarioagoa eta, azken finean, justuagoa izan dadin.

Gaur atzo baino ilusio handiagoa dugu. Hasi dugun bideak ez du atzera biderik. Aurrera egiteko aukera zoragarria!

Erabakitzeko aukera zoragarria!