Aberri Eguna 2006
Euskaldunok Agur!
Pozgarria eta atsegingarria da niretzat munduko euskaldun guztioi mintzatu ahal izatea, aurten ere igande honetan ospatuko dugun Aberri Eguna dela eta.
Zuok guztiok munduko hainbat lekutan bizi arren gure herriaren funtsezko zatia zarete. Gure herriak historia gorabeheratsua izan du, une oso gogorrak bizi izan ditu, eta zuetako asko une horietako protagonista izan zarete. Baina hala ere, herri baketsu eta langile baten kide izatearen duintasunari eta harrotasunari eutsi diezue. Horregatik, besarkada maitekor eta beroena guztioi.
Itxaropen eta ilusio garaia bizi dugu; izan ere, badago bakea erdiestea. Herri honek denbora luzean irrikatutako eta aldarrikatutako bakeak egi bihurtzeko bideari ekin dio. Baina ez da zeregin samurra izango, guzti-guztion ahalegina beharko dugu. Hemen inor ez dago soberan eta horrelako erronka bati aurre egiteko guzti-guztiok ahalegindu beharko dugu, eta zuek ere bai, jakina.
Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria naizen aldetik, adierazi nahi dizuet uste osoa dudala hasitako prozesu honetan, eta eskatu nahi dizuet bakea sendotzearen alde egin dezazuela lan, prozesu honen protagonista Euskal Herria baita eta etorkizunean ere Euskal Herria izango baita.
Halaber, uste dut une historikoa biziko dugula hemendik aurrera; izan ere, indarkeria desagertuta, garaia da normalizazio politikorako elkarrizketa prozesu bati ekiteko eta duela berrehun urte baino lehenago hasitako gatazka politikoari konponbidea bilatzen hasteko.
Euskadi herri heldua da, erakutsi du badakiela egoera zailak gainditzen, badakiela aurkako egoera ekonomikoei aurre egiten, eta badakiela berriro ere aireratzen, industria eta ekonomia sare berriak sortuta. Baina batez ere, herria egituratuta, inor baztertu gabe eta gizarte aurrerapen zuzen eta solidarioan oinarrituta.
Euskadi horrelakoa izatea nahi dugu eta Euskadi horrelakoa izan dadin ari gara borrokan. Aurrera doan herria gara, gizarte heldua duena, erabaki ahal duena, inongo trabarik eta inoren babesik gabe. Euskaldun guztiok erabakiko dugu euskaldunon etorkizuna. Herri bat gara eta eskubidea dugu gure etorkizun politikoa erabakitzeko.
Espero dut laster biziko dugun garai berrian demokrazia, elkarrizketa eta hartzen ditugun erabakiak errespetatzea izango direla gure zeregin politikoaren ardatzak.
Bihotz-bihotzez besarkada bero bat guztioi.
Juan Jose Ibarretxe Markuartu Euskadiko Lehendakaria
