Erantzuteko txanda Kongresuan (2005-02-01)

Lehendakariak erantzuteko txandan egindako hitzaldia

Kongresuko lehendakari jauna, diputatu jaun-andreak.

Aurkezpenaren hasieran esan dut nekez har daitekeela saio hau eztabaidatzat. Hara, lau urtez egon gara gai hauen inguruan hitz egiten Euskadin, eta, nik, hemen, arratsaldean zehar proposatu diren gai guztien inguruan erantzun arrazoizko eta zentzuzko bat emateko, 10 minutu dauzkat. Atera kontuak zer eztabaida-modu egiten ari garen hemen. Nik esan dizuet, zuek biok, PP-k eta PSOE-k, Zapatero jaunak eta Rajoy jaunak, erabaki eta hitzartu egin zenutela osoko bilkura honen emaitza zein izango zen. Baina ez naiz ni bakarra hori aipatu duena, beste talde batzuen eledunek ere aipatu dizuete, gaur eta hemen, horixe berori: erabaki eta hitzartu egin zenutela osoko bilkura honen emaitza zein izango zen.

Hori esanik, Rubalcaba jaunak egin duen hitzaldia oso-osorik zuzendu nahi nuke ondoren. Rubalcaba jaunak esan du Eusko Legebiltzarrak indargabetu egin nahi duela Gernikako Autonomia Estatutua, hortxe-hortxe. Ez bada. Hara, gaur hemen eztabaida hau daukagu, hain zuzen ere, egun batean, zorionez, erabaki politiko bat hartu genuelako: Gernikako Autonomia Estatutua abian jartzea. Eztabaida hau ari gara egiten, funtsean, Gernikako Autonomia Estatutuak ezarritako legezko eskakizun guztiak beteaz.

Eta zuk esan duzu ez zenuela nahi euskal gizarteak zure jarrera ezezko borobilaren moduan ikustea; eta hitzaldi guztia eman duzu, ordu erdi osoa eman duzu, EZETZ esaten, INOIZ ERE EZ, SEKULAN EZ. Espainiaren soberaniaz bakarrik hitz egin daiteke, ez bestetaz, ezin da hitz egin elkarren artean partekatutako soberaniaz. Gordinagorik, zaharkituagorik ez dago, zuk soberaniaz hitz egin duzun moduan hitz egitea baino. Eta, hain zuzen ere, egitasmo honetan, elkarren artean partekatutako subiranotasuna proposatzen da, zeren eta sinetsita baikaude, besteak beste, etorkizuneko tresna eta kontzeptua dela hori. Zuk, elkarren artean partekatutako subiranotasunaren ideia baztertzearekin, Konstituzioak berak lehenbiziko xedapen gehigarrian ezarritakoa baztertzen duzu; xedapen horrek dio babestu eta errespetatu egingo direla foru-lurraldeen eskubide historikoak. Eta baztertu egiten duzu, orobat, autonomia-estatutuak berak xedapen gehigarrian ezarritakoa; xedapen horrek dio euskal herriari dagozkion eskubide historikoen kalterik gabe onartzen dela autonomia-estatutua.

Hori esanik, hemen esan diren kontu zabalago batzuei helduko diet. Hizlarietako askok aipatu dituzte kontuok, baina saiatuko naiz hitz egin duten hizlarietako birengan laburbiltzen, Zapatero presidentearengan eta Rajoy jaunarengan, hain zuzen ere. Bi horiengan ikusi baitu gizarteak osoko bilkura honetara etorri aurretik hitzartutako erabakia. Osoko bilkura ahalik eta lasterrena egin behar zela hitzartu zenuten lehenik, eta, gainera, osoko bilkura horretan, ezetza eman behar zitzaigula.

Eta, ondoren, Rajoy jaunak, demokraziaren mintzairaz zer ulertzen duen azaldu digu hemen, eta demokraziaren mintzaira omen da egitasmo hau KAS alternatibaren hondarrak balira bezala aurkeztea, ETAren iradokizun gisa aurkeztea, erakunde horrek iradoki omen du egitasmoa mahai gainean jartzea. Eta Eusko Legebiltzarrak matxinaturik eskatzen duela negoziazioa esan du, hortxe-hortxe.

Euskal herria, herri metafisikoa, leinuak, parrokiak... Zer errespetu falta erakutsi diozun euskal herriari, Rajoy jauna, zer begirune gutxi! Ondoren esan du, elkarrizketa labur-labur baterako, beste ezertarako ez duela ematen proposamen honek; eta aitortu du beren esku izan balitz ez zatekeela hemen osoko bilkurarik ere egin izango.

Eta beldurra aipatu du segidan. Euskal herritarrek alde egin beharko dute horrelako proposamen bat onartzen baduzue. Euskal herritar bakar batek ere ez du alde egin beharko; hobeto bizi nahi dugu, hori da guk nahi duguna. Entzun iezadazue, arren, entzun iezadazuen errespetuz, nik zuei entzuen dizuedan bezala. Arratsalde osoan zehar erakutsi dizuedan errespetu bera eskatzen dizuet niretzat. Ez dagoela itunik estatuaren eta Euskadiren artean.

Eta azken baieztapena, berriz, lotsagarria, eledun sozialistak berak ere biktimen inguruan egindako baieztapen batzuen moduan: egitasmo honek esan nahi omen du mila biktima oker daudela esatea. Ez daude oker. Baina aitortuko dizut, Rajoy jauna, ez nuen uste horrelako argudiorik aterako zenutenik, martxoaren 11z geroztik hemen gertatutakoak ikusita, martxoaren 11ko biktimak Kongresu honetako batzordera etorri zirenean ikusi genuena ikusita, edo joan den larunbatean manifestazioan ikusi genituenak ikusita. Ez nuen uste manipulatutako biktimez hitz egitera etorriko zinenik hona, oker zeuden biktimez hitz egitera etorriko zinenik; benetan esaten dizut.

Eta, ikus ezazue: demokraziaren mintzaira omen, duela 25 urte Fragak hementxe egin zuen hitzaldi berbera egitea zuk, Gernikako Autonomia Estatuari ezetz esateko egin zuen hitzaldi berbera egitea; eta, nik, neure artean, galdetzen dut: zer gertatu da ordutik hona? Eta ez dira gertatu, hain zuzen, zuk hemen harro erakutsi dituzun horiek: legea bete dela; ez, ez, zuek aldatu egin duzue Gernikako Autonomia Estatutua, de facto aldatu duzue, zuek eta alderdi sozialistak, biek elkarrekin. Eta ez zenuten ganbera honetan aldatu; LOAPA bezalako ekimenen bidez aldatu zenuten, Moncloako itunak bezalako ekimenen bidez, eta ekimen horiexek behartu dituzte jaun hauek Gizarte Segurantzaren kutxa bakarraz hitz egitera; horiexek behartu dituzte jaun hauek, Estatutuaren gainean hainbeste gauza esan zituzten jaun hauek, esandako gauza horietan atzera egitera. Eta Gernikako Autonomia Estatutua, bete ez duzuena, ez zenuten aldatu ganbera honetan; nahiz eta, nahi izan bazenute, hala behar zenuten. Ez, zuen artean hitzarmena eginez aldatu zenuten, gaur osoko bilkura honetan emango duzuen ezetza hitzartu duzuen bezala.

Eta erreferendumaren inguruan ere, harro esan duzu zerbait, eta atseginez hartu dut. Esan duzu ez diozula beldurrik erreferendumari. Bada, bai ongi estali duzue beldur hori gobernuan izan zareten artean, zeren eta lege bat egin baitzenuten Lehendakaria kartzelan sartzeko erreferendum baterako deia egiten bazuen. Baina, gaurtik aurrera, bitxia da, egoera bat aurkituko baitugu, nire iritziz nabarmentzeko modukoa: zeren eta, zuek uste baituzue proposamen honek ez duela babesik bat ere, ez duela Euskadin inolako gehiengorik; bitixia da zuek esatea ez diozuela beldurrik bat ere erreferendum horri, euskal gizarteak inolako babesik ematen ez dion ekimen baten gaineko erreferendumari, aisa irabaziko duzuen erreferendum bati; eta, zuen ustez hala izanik, ez duzue erreferendum horretarako deialdirik egin nahi. Eta, erreferendumean inolako zalantzarik gabe galtzaile aterako garenok, bitxia da, galtzaile aterako garenok egin nahi dugu erreferendum horretarako deia. Kontraesan bitxia, benetan.

Esan duzu proposamen honek ez dituela betetzen legearen eskakizunak. Alderdi sozialistak ere halaxe esan du. Estatutuaren zein eskakizun ez du betetzen? Estatutuaren zein eskakizun ez da betetzen, Rubalcaba jauna? Ez duzu eskakizun bat bera aipatu, bat ere ez. Eta geroxeago azalduko dizut kontu hori. Hara, Rajoy jauna, zuentzat demokraziaren mintzaira pentsamendu bakarrarena da. Demokraziaren mintzaira, zuentzat, demokrazia murrizteko prozesua da, askatasunak murriztekoa; zuek Espainiako gobernuan agintzen egon zareten artean gauzatu den prozesu hori, hain zuzen ere.

Zapatero lehendakariak esaldi borobil batez hasi du bere hitzaldia, eta badut esaldi horrekin ezadostasunen bat, Zapatero jauna. Elkarrekin bizi bagara, elkarrekin erabaki behar dugu, esan duzu. Ez; elkarrekin bizitzea erabaki ahal izan behar dugu. Elkarrekin bizitzea erabaki ahal izan behar dugu. Elkarbizitza ezin zaio inori inposatu. Ezin da inposatu, nork bere borondatez onartu behar du. Zure bikote-lagunak, zure seme-alabek, beste aukerarik ez dutelako zurekin bizi behar izatea baino gauza txarragorik ez dago bizitzan. Nahi duzu elkarrekin bakean bizitzeko prozesu bat izan dezagun? Ez al da askoz hobea izango, euskal herriak berak demokratikoki erabaki dezan estatu-proiektu batean askatasunez parte hartu nahi duela eta elkarrekin bizi nahi duela?

Eta iraganaren aipamen hori: zenbait gauza aipatu dituzu, eta susmoa hartu dut ez ote zenbiltzan adierazi nahian gu egiten ari garen proposamena iraganeko proposamena dela. Ez, Zapatero jauna, ez: proposamen honetan mahairatzen diren ideia juridiko eta politikoak mundu aurreratuko herrialdeetan ari dira mahairatzen Euskadiren eta Espainiaren artean ditugun bezalako arazoak konpontzeko, antzeko arazoak konpontzeko.

Eta, edozein modutan ere, ez dut uste autodeterminazio-eskubidea gaitzespenez aipatu behar duzunik: gobernuan zeundetela aldeztu behar izan baitzenuten eskubide hori, Europar Batasunetik, Alemanian eta Eslovenian aplikatzeko. Tomas Jefferson aipatu duzue, eta ados nago hark esandakoarekin. Badakizu zer esaten zuen Tomas Jeffersonek? Belaunaldi bakoitzak bere konstituzioa onartu behar duela. Gaur euskal gizartean 43 urte baino gutxiago dutenek, gizon zein emakume, ez zuten aukerarik izan Gernikako Estatutuari buruz botorik emateko. Orain, ordea, aukera izango dute bizi nahi duten eredu politikoa eraikitzeko. Eta hori aukera handia da euskal gazteriarentzat.

Eta, oro har: ba al du legitimitaterik Eusko Legebiltzarrak, Estatutuak eskatzen duen gehiengoarekin, hemen proposamen hau egiteko, bai ala ez? Zeren eta, Rubalcaba jauna, zuk egin duzun hitzaldi hori bezalako batek behartu zintuzteten Alderdi Popularrari lagun egitera, gai hau Eusko Legebiltzarrean eztabaida ez zedin. Eta Alderdi Popularrak esan digu, eta ulertzen dut, Alderdi Popularrak esan digu gehiengoa edozein izanda ere ez duela legitimitaterik. Berdin da zenbat diren, 39 edo 52; ongi da, horri deitzen zaio koherentzia. Baina gaur, hemen, proposamen bat dugu 39 boto dituena aldeko, eta, bihar, jaun-andreak, bihar ere bai, bihar ere 39 boto izango ditu aldeko Eusko Legebiltzarrean; eta bihar-etzi 39 barik 53 baditu, bada hainbat hobe, zoragarri, halaxe iruditzen zait niri ere, izango ahal da horrela!, goazen aurrera, Eusko Legebiltzarrari eta euskal gizarteari era horretako asmo bat aurkeztera.

Baina Eusko Legebiltzarrak onartu duen proposamenak betetzen al ditu legearen eskakizunak, Estatutuak eskatzen duena, bai ala ez? Rubalcaba jauna, zer egin nahi duzu, Estatutua aldatu nahi al duzu, "Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoak onartu behar du" dioen lekuan, beste hau esan dezan? "Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoak onartu behar du, beti ere Alderdi Sozialista gehiengo horren barruan dagoela?" Ez baitizut oso ongi ulertu zer esan nahi izan didazun, agian horixe esan nahi izan didazu. Eta gauza bat esan behar da hemen argi eta garbi, eta denok galdetu behar diogu geure buruari, irekitasunez, badago ala ez dago Euskadin arazo politiko bat?

Galdera hori egin behar diogu geure buruari, eta arazo politikoa badagoela onartzen badugu, erabaki politikoak hartu behar ditugu.

Eta hona, guk, proposamen bat ekarri dugu, leiala, legezkoa, demokratikoa eta negoziazio-prozesu bati ekiteko legitimoa, eta, zuek, Rubalcaba jauna, tramitea urratu duzue, ez al da egia? Zeren eta, hauxe da egia, beldurra baitiozue negoziazioari; edo, bestela, zer eragozpen duzu Kongresu honetako batzorde bat eta Eusko Legebiltzarreko batzorde bat elkarrekin bildu, eseri eta datozen hilabeteetan egitasmo hau elkarrekin azter dezaten?

Eta, amaitzeko, bi kontu. Lehenbizikoa zuretzat da, Zapatero jauna. Izan zaitez ausarta, izan zaitez ausarta, esan iezaiozu Espainiako gizarteari zuk ituna egiteko betebeharra duzula, euskal erakundeekin negoziatu beharra duzula, esan iezaiozu, Alderdi Popularreko jaun-andreen jazarpena jasan behar baduzu ere. Esan iezaiozu Espainiako iritzi publikoari ezinbestekoa dela hitzarmen bat egin dezagun, hitzarmen politiko batera irits gaitezen, zeren ez baitago beste biderik ituna egitea eta aurrera egiteko negoziatzea baino; eta balia zaitez aukera honetaz, eta ekin iezaiozu gaur bide horri, zeren eta bestela, nola nahi duzu, Zapatero jauna, biharko elkarrizketaren argudio horietan sinets dezagun... Gaur hemen aukera bat daukazu, ireki ezazu gaur negoziazio politikoaren prozesua, zeren eta, bestela, pentsa baitezakegu, arrazoizko era batez, zintzotasunez pentsatu ere, biharko elkarrizketa hori aipatzen duzunean, bihar hasiko den elkarrizketa berria aipatzen duzunean, hutsik dagoen kutxa bat eskaintzen ari zarela.

Izan ere -eta amaitu egingo dut nire hitzaldia, Rubalcaba jauna-, zure alderdiko buru batek, alderdi sozialistako buru batek, oso zuzen esan baitzuen gauza bat, gutxi esan dira hain zuzenak: Blanco jaunak, zure atzeko jarlekuan jarrita dagoenak, hau esan zuen atzo: "Ibarretxe plana demokratikoki ehortziko dugu", eta, beharbada, Alderdi Popularraren itzal luzeari ematen diozuen garrantziagatik esan zuen hori. Eta nik diotsuet: ez al litzateke zentzuzkoagoa, "euskal auzia demokratikoki konponduko dugu" esatea? Ez al litzateke zentzuzkoagoa? Zeren eta, hara jaun-andreok, gauza bat esan nahi dizuet: Alderdi Sozialistako jaun-andreok, ez ezazue gero uste, hona osoko bilkura honetara lasterka etortzeagatik, ezetz esatera, Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoari atea danbatekoz ixtera etortzeagatik, ez ezazue gero uste horrekin euskal auziari konponbidea aurkitzeko beharrizan demokratikoa ehorzten duzuenik. Are eta gehiago, gaur hemen hartuko duzuen erabakia edozein izanda ere -dagoeneko iragarrita duzue, dagoeneko hitzarturik duzue-, hara, Rubalcaba jauna, Blanco jauna, Zapatero jauna: ez duzue demokratikoki ehortziko euskal auzirako konponbide negoziatu bat bilatu beharra. Badakizue zertan ari zareten hemen, gaur, ezetz esaten badiozue, atea danbatekoz ixten badiozue, euskal gizarte osoari, Eusko Legebiltzarraren erabaki honetan ordezkatuta dagoen euskal gizartearen gehiengoari? Monumentu bat eraikitzen ari zarete, bihar arazoak hitz eginez eta negoziatuz konpontzeko izango dugun beharraren alde, gaur baino handiagoa izango den beharraren alde. Ezin da inposatu Eusko Legebiltzarraren erabakia, ezin da inposatu, ados nago, erabat: ezin da inposatu Eusko Legebiltzarraren erabakia. Baina Diputatuen Kongresuak ezin dio atea itxi Eusko Legebiltzarrari, ezetz esanez, negoziatu gabe gainera, ezetz esanez.

Eta, beraz, nik hau jakinarazi nahi dizuet: baldin eta ganbera honek erabakitzen badu Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoari eta euskal gizarteari atea danbatekoz ixtea, (barkatu kongresu-buru jauna, amaitzen ari naiz), baldin eta hemen erabakitzen bada atea danbadaz ixtea, nik nire hitza bete besterik ez dut egingo: aurrera jarraituko dut, herriari hitza emango diot; eta, zertarako? Euskal gizartearen deiadarra guztiok entzun dezagun; guztiok entzun dezagun nola aldarrikatuko duen beharrezkoa dela konponbide negoziatu bat aurkitzea, eredu bat aurkitzea, Euskadik eta Espainiak XXI. mendean harreman adeitsu bat izan dezaten.

Mila esker guztioi.