Diputatuen Kongresuan hitzaldia (2005-02-01)
Euskadiko Estatutu Politiko Berriaren aldeko Lehendakariren adierazpena Gorteetan
Kongresuko lehendakari jauna, Senatuko lehendakari jauna eta senatari jaun-andreok, Gobernuko lehendakari jauna, Gobernuko kideok, Eusko Legebiltzarraren presidentea eta legebiltzarkideok, sailburuok, jaun eta andreok. Eusko Legebiltzarraren ordezkari naizen aldetik, nahi nuke nire lehendabiziko hitzak euskaraz izatea, gure herriko hizkuntza ofizialean, antzina-antzinatik hizkuntza zahar hori erabili baitute gure arbasoek, belaunaldiz belaunaldi egundaino, Euskal Herriaren askatasun-grina aireratzeko eta historian barrena bizikide izan dituen gainerako herriekin adiskidetasun-zubiak eraikitzeko.
Espainiako Gorteetara etorri naiz, Eusko Legebiltzarraren izenean, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearen defentsan".
Eusko Legebiltzarrak halaxe agindu didalako nagokizue hemen aurrean Estatutu Politiko berria defendatzen. Proposamen hau ez da Eusko Jaurlaritzarena, ezta lehendakari honena ere. Proposamen hau Eusko Legebiltzarrak onartu du gehiengo osoz, eta euskal gizartearen gehiengo osoaren adierazpen da. Hemen nagokizue Legebiltzar honetan elkarrizketarako eta negoziaziorako gogoa gidari dudala, horrelakoxea izan da-eta beti Euskal Herriaren izaera eta sentiera historian zehar.
Aurrera baino lehen, bi gai azaldu nahi nituzke funtsezko eztabaidagaiei heldu aurretik. Lehenik eta behin, esan behar dut presaka eta ia eztabaida politikorik izan gabe etorri garela osoko bilkura honetara. Uko egin zaio negoziatzeari. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari luzatu dion eskaintzak, baita Eusko Legebiltzarrak Espainiako Diputatuen Kongresu honi luzatutakoak ere, ezezko erantzuna jaso dute. Bilkura honetan burutu nahi da guztia, itxuraz oso eztabaida sakona izango delakoan; baina, jakina, ez da horrela izango. Lehenbailehen bukatzeko presa ageri da. Korrika eta presaka gabiltza, eta eztabaida honetan sosegua behar dugu, eta lasaitasuna. Bigarren gaiari helduta, hemen jasota geratzea nahi dut, euskal auzia edo euskal arazoa, edo dena delakoa, bakoitzak dei diezaiola nahi duen moduan, lehenago ere izan dela Biltzar honetan, eta eztabaidatu ere egin dela orain baino lehenago; ez naiz ni auzi hau mahai gainean hemen jarri duen lehen pertsona, eta, seguru aski, azkena ere ez naiz izango.
Ildo beretik, argi utzi nahi dut, batez ere Espainiako iritzi publikoari begira, auzi hau ez datorrela ETAren indarkeriari lotuta. ETAren indarkeria mingarria da, ankerra, eta dakarren oinazea izugarria da, noski. Atentatu horiekin kalte egiten zaie pertsonei eta familiei; kalte egiten zaio Euskal Herriari, eta kalte Euskal Herriaren irudiari. Ezerk ez dio kalte handiagorik egiten bakezale eta langile den euskal herriari ETAren indarkeriak baino.
Baina ez ditugu gauza guztiak nahasi behar, Euskadi eta Espainiaren arteko harremanetan dagoen arazo politikoa aspaldidanik baitator, ETAren indarkeria anker eta basati hori sortu baino askoz lehenagotik. Ia berrehun urte daramatzagu Euskadi eta Espainiaren arteko harremanak direla-eta eztabaidan. Ia berrehun urtean tira eta bira, Bonaparteren Konstituzio hura zela-eta 1808an eztabaidan hasi ginenetik; eta, handik gutxira, Cadizko Konstituzioa etorri zen, eta, geroago, foruak kendu zituzten legeak etorri ziren 1839 eta 1876tik aurrera. Zer dela-eta, bestela, Espainiako Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian jasota dagoen agindua, foru-lurraldeetako eskubide historikoak babestu eta errespeta daitezen.
Historiaren mugarri honetan, ordutik 166 urte igarota, XXI. mendea hasi berria dugula, abagune ezin ederragoa dugu abolizio-lege haiek behin betiko indargabetzeko, eta elkarbizitzarako esparrua berreskura dezagun, atxikimendu librean, itunean eta subiranotasun partituan oinarrituta. Gure eskuetan dago irtenbide-eszenatoki hori irekitzea. Eskubide historiko batzuei buruz ari gara eta foru-lurralde batzuei buruz; hasierako Espainietako haiekin eta ondorengo Espainiako Erresumarekin hartu-emanetan modu jakin batean jokatu duen Herri bati buruz; horretaz dihardugu, eta ez, beste ezertaz. Nola ulertu, bestela, Konstituzioak, handik 166 urtera, eskubide horiek badirela, eta babesten eta errespetatzen dituela esatea? Nola ulertu, bestela, Gernikako autonomia-estatutuan jasota dagoen xedapen gehigarri batek eskubideez erakusten duen hori, alegia, hitzez hitz esanda, Estatutuan ezarritako autonomia-araubidea onartzeak ez dakarkiola Euskal Herriari zertan uko egin Historiaren arabera herri gisa legozkiokeen eskubideei?
Beraz, bizikidetasun-arazoa dugu aurrean, eta azken urteotan ez dugu jakin batzuen eta besteen artean arazo hori konpontzen. Guk ez dugu ezer asmatu. Eta Eusko Legebiltzarrak ere ez du ezertxo ere asmatu euskal gizartearentzat Estatutu Politiko berria onartu duenean. Agirre lehendakariak hementxe bertan esan zuen, 1935eko abenduaren 5eko osoko bilkuran, protestak eta zurrumurruak ozen zirela: "gu adiskide izan nahian etorri gara Legebiltzar honetara, eta zuek ez zarete horretaz konturatzen. Herriak bozkatutako Estatutua dakarkigu, eta zer gertatu da? Legebiltzarra hilzorian dago, eta gure Estatutua hortxe dago oraindik zain".
Horixe bera da nik, Diputatuen Ganbera honetan Eusko Legebiltzarraren ordezkari naizen aldetik, gaur dudan sentipena. Estatutu-proposamena dakart, Estatutu Politiko berri baten proposamena, Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartutakoa; eta, eskua zabalik, besoa luze natorkizue negoziatzera, negoziazio-bidea urratzera. Nire aburuz, Diputatuen Ganbera honek ezin dio ezezkoa eman Eusko Legebiltzarraren borondateari, negoziatzeko inongo beharrik ez dagoelakoan. Eskua luzatuta etorri gatzaizkizue negoziatu nahian, eta espero dut, bihotz-bihotzez, zuek esku hori ez mespretxatzea eguna amaitzean, bozketa egiteko orduan.
Bene-benetan uste dut aurrean badugula biderik; sinesten dut, zinez, konponbidea badela, eta sinesten dut, zinez, elkargune bat badela: erabakitzeko eskubidea eta ituntzeko betebeharra. Horretan datza, hain zuzen ere, eztabaidaren muina. Orain dela 25 urte onartu zen Diputatuen Ganbera honetan, eta berretsi zuen euskal gizarteak Gernikako autonomia-estatutua; egun, oraindik ere, lege horrek bete gabe jarraitzen du, nahiz eta Eusko Legebiltzarrak, eta ni hemen bere ordezkari nauzue, horretaz akordioak onartu dituen, aho batez, sarritan.
Baina ez naiz hona etorri iraganaz mintzatzera; etorkizunaz baizik; eta, benetan, ilusioz beteta gaude Gernikako Estatutuan jasota dagoen autogobernua garatzeko, eta Estatutu Politiko berrian jasotakoa ere bai, eta, hain zuzen ere, horrexegatik, Euskadin ongi erakutsi dugulako autogobernuak ongizatea dakarrela. Autogobernu handiagoa eskatzen dugu, bai, euskal herritar guztien bizimodua eta bizitza-kalitatea hobetu nahi ditugulako.
Gure etorkizunak dio baietz, euskal gizarteak baduela erabakitzeko eskubidea; gure etorkizunak dio baietz, Euskadi eta Espainiaren artean ituna lortu behar dela, eta Estatuarekin negoziatu behar dela, eskua eskaini behar dela; eta horren alde egiten dugu guk; ez ezetzik eman esku horri, erabakitzeko eskubideari eta ados jartzeko beharrari. Horixe dugu giltza; horixe dugu azken berrehun urteotan darabilgun auzia modu demokratikoan konpontzeko gakoa, eta halaxe iritzi dio Eusko legebiltzarrak eta halaxe adierazi izan du gehiengoz.
Gaur zuen aurrera dakardan proposamen hau gehiengo osoz onartu da Eusko Legebiltzarrean. Gernikako Estatutuan bertan lege aldetik ezarrita dauden eginbeharrekoak ere bete ditugu; ezin da joko-arauei buruz hitz egin eta, gero, arau horiek betetakoan, zalantzan jarri. Zuek jakinarazi diguzue ez zaudetela negoziatzeko prest, eta erabaki duzue Diputatuen Ganbera honek ezetz esan diezaion euskal gizarteak eta Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartutako borondateari, eta ez duzue ezta negoziazio-prozedurarik ere ireki horretarako. Eta nik galdera hau egingo dizuet zuoi guztioi: Zeren beldur zarete? Zer dela-eta izan behar dugu beldurra , Eusko Legebiltzarrak eta Gorte Nagusiek Batzorde Mistoa osa dezaten negoziazio-prozedura bati ekiteko? Zeri izan behar diogu beldurra? Zeri dio beldurra Diputatuen Ganbera honek? Uste osoa dut elkarrizketan, eta horrexegatik etorri naiz hona, Kongresu honetara, Eusko Legebiltzarraren ordezkari, nahiz eta zuek, halaxe jakinarazi dute-eta komunikabideen bitartez, dagoeneko erabakita izan, eztabaida hau egin aurretik, zein boto emango duzuen. Hasieran esan bezala, araudiak eta bozeramaileen batzordeak hala aginduta parte-hartzeak diren modukoak direnez, zalantza handiak ditut bilkura hau nola bukatuko ote den; uste dut ia ezinezkoa dela eztabaida hau, gaia hain sakona izanik, egoki gorpuztea eta hezurmamitzea.
Baina, hala ere, etorri naiz, benetan sinesten dudalako, hitza erabiltzeko aukera dugun artean behintzat, aitortu genezakeela, behin eta mila aldiz, Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoaren izenean, Euskal Herriak baduela bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidea. Hain zuzen ere, horrexegatik uste dut, zailtasunak zailtasun, oso-oso garrantzi handikoa dela gaur ni hemen egotea.
Bigarren mezua: Euskal Herria adin nagusiko herria da. Euskal gizartea dinamikoa, modernoa eta anitza da, eta itxaropentsu egiten dio aurre etorkizunari; gure gizartea zentzuduna eta heldua da. Erabakitzeko adin-nagusitasun osoa daukagu, eta, gainera, erabakiak hartu nahi ditugu, geure kabuz erabaki nahi dugu. Euskadi aurrera doan gizartea da gaur egun. Legegintzaldi honetan berriz ere lortu dugu Estatuan aurre-aurrenekoak izatea familia-errenta erabilgarriari dagokionez; inoiz gure historia osoan izan dugun enplegu-tasarik handiena dugu orain; langabezia-tasa ere txikitu egin dugu, baita Europako batez bestekoaren azpitik ere; legegintzaldi honetan lau mila enpresatik gora sortu ditugu, eta inoiz baino erakargarriago gara; 2004. urtean inoiz baino jende gehiago etorri da gu bisitatzera, eta su-etena izan zenean lortu genuen bisita-errekorra ere gainditu egin dugu. Aurrera doan Herria gara, beraz; Herri modernoa gara, ekonomia aldetik aurreratuta dagoen Herria, eta, gainera, solidarioa ere bai. Azken batean, konfiantzazko Herria gara, eta oso argi daukagu binomio bat badela, oro har, euskal herritar guztiei lotuta, eta botoa zeini ematen dioten alde batera utzita: autogobernuak ongizatea ekarri du eta ongizatea dakar. Horrexegatik eskatzen dugu, hain zuzen ere, autogobernu handiagoa; ez Madrilen aurka egotearren; ez Espainiako Gobernuaren aurka edo Diputatuen Ganbera honen aurka egotearren; ez, ez da hori, jaun-andreok; Euskadin autogobernu handiagoa nahi dugu hobeto bizitzeko, euskal herritar guztion ongizate-maila handitzeko.
Gizarte anitza gara, bai politikaren ikuspegitik begiratuta, bai kulturaren ikuspegitik begiratuta, hizkuntzen ikuspegitik begiratuta, baita identitate-sentimenduen ikuspegitik begiratuta ere; baina badugu zerbaitxo guztiok batera duguna: guztiok gara euskal herritar, guzti-guztiok. Eta begira, jaun-andreok, euskal herritarretan, gaur egun, hamarretik zortzik baino gehiagok uste dute geuri dagokigula gure etorkizuna zehaztea eta erabakitzea. Euskal gizarte anitzaren erdigunea delakoan, beraz, erabakitzeko ahalmena aldarrikatzen dugu. Eta horrelaxe izango da. Euskadiko autogobernuaren etorkizuna ez duzue bileretan erabakiko, ez zuk, Zapatero jauna, ez zuk, Rajoy jauna; zuek ez duzue euskaldunen borondatea ordezkatuko. Gaur egun Euskadin bizi eta lan egiten dugunok izango gara, jaioterria edozein dela ere, Bilbon, Sevillan, Bukaresten zein Dakarren jaio, Euskadin bizi eta lan egiten dugunok izango gara, Alderdi Popularrari, Alderdi Sozialistari, PNV-EAJri, Ezker Batuari zein Eusko Alkartasunari botoa eman, Euskadin bizi eta lan egiten dugunok izango gara geure etorkizuna erabakiko dugunak.
Hirugarren mezua. Eusko legebiltzarraren izenean hemen aurkezten ari naizen proposamena, bizikidetzarako proposamena da; zuek gero egoki iritzitako mezuak zabaltzen ahalegin zintezkete, baina, begira, jaun-andreok, nik bihotz-bihotzez dakarkizuet Eusko Legebiltzarreko gehiengoak emandako ikuspegia; elkarrekin bizitzeko proposamena da, ez ezer hausteko proposamena. Erabakiak hartzeko dugun eskubide demokratikoa erabiliz, Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartu du, Estatutuak halaxe agintzen du-eta, Euskadiren eta Estatu Espainiarraren bizikidetzarako proposamena, elkartasun askean eta elkarrekiko errespetuan oinarritua. Gure autodeterminazio-eskubidea erabiltzeko, beraz, ez dugu haustura proposatzen, bizikidetza baizik. Estatutu berrian ez duzue inon aipatuta aurkituko ezer hautsi behar denik; bai, ordea, elkarrekin bizi behar dugula. Erabakitzeko dugun eskubidea darabilgu, ez inori ezer inposatuta, elkartasun librean oinarrituta baizik. Ez duzue hemen aurkituko irainik; aldiz, tolerantzia aurkituko duzue. Ez duzue hemen amorrua edo haserrea aurkituko; batez ere adierazpen politikoa aurkituko duzue, adiskidetasunez.
Bizikidetzarako egitasmoak, XXI. mendean, elkartasun librean oinarritzen dira, eta, ez, inposaketan; egun, zeure seme-alabak ere ez dira zurekin biziko, baldin eta zure proiektuarekin bat egiten ez badute.
Euskadi ez da Estatu Espainiarraren mendean dagoen zati bat; argi eta garbi esan nahi dut hori hemen, Eusko legebiltzarreko ordezkari naizen aldetik. Eta, begira, jaun-andreok; Estatu Espainiarra guztion arteko proiektua izango da, baldin eta estatu hori osatzen dugun zati guztiok halaxe izatea nahi badugu, eta halaxe erabakitzen badugu; bizikidetzarako egin dugun proposamenak ez du ezer ukatzen, ez ditu Estatu Espainiarreko beste nazio eta erregio batzuk behartzen, ez gure bide bera jarrai dezaten, ez beren bideari ekin ez diezaioten. Proposamen bateragarria da, beraz, nazio anitzeko benetako estatu batekin. Proposamen solidarioa ere bada Espainiako beste herri batzuekin, kontzertu ekonomikoa eta kupo-sistema erabilita; hortxe dago gure ekarpena, Estatuan karga orokorrak arintzeko, eta, batez ere, elkartasun-programetan, betidanik izan gaituzte-eta laguntzaile. - Laugarren mezua. Proposamena legezkoa da, bidezkoa eta demokratikoa; Estatutuak lege aldetik eskatzen dituen betebehar guztiak errespetatzen ditu, eta Eusko Legebiltzarrak aurkeztu du hemen, guztion aurrean, Konstituzioan ezarritakoari jarraituz, bitariko negoziazioa izan dadin Gorte Nagusiekin. Proposamena legezkoa da, Estatutuaren 46. artikuluaren arabera onartu zelako, eta, ondoren, legez Gorte Nagusietara igorri zelako, negoziazio-prozedurari ekin diezaioten elkarrekin Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza batek eta Gorte Nagusietako beste batek. Proposamena bidezkoa da, eta negoziaziorako ateak zabalik ditu.
Eusko Legebiltzarra elkarrizketaren topaleku nagusi izan da lau urtean; nahi izan duen guztiak ekarri du berea; hor izan dira bere ekarpenak egiten alderdi politikoak, gizarte- eta ekonomia-arloetan eragile direnak, eta hogeita hamasei mila famili euskaldun ere bai; guztiek ekarri dizkigute beren ikuspegiak gaur hemen aurkezten ari naizen Estatutu honetaz. Elkarrizketa-bide hau irekita egon da eten gabe; bultzatzaile, gainera, Eusko Jaurlaritza izan da, hiruko gobernua, anitza: bi alderdi abertzale, eta beste bat, ez; hau da, Eusko Alderdi Jeltzalea, Eusko Alkartasuna eta Ezker Batua, Estatuko alderdi federalista bat; guztira, 2001eko maiatzeko hauteskundeetan emandako boto guztien %48.
Epai bakarra izan du proposamen honek bere ibilbide osoan, Konstituzio Epaitegiak emandako epai bat; gainera, gogorarazi behar dugu aldekoa izan dela, alegia, Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren tesien aldekoa eta, aldiz, Konstituzio Epaitegiak eztabaida Euskal Ganberan ere egin ez zedin ahalegina egin zutenen aurkakoa, eta, beraz, beren tesi horien aurkakoa ere bai.
Azkenean, Konstituzio Epaitegiak emandako epaiak ezarri behar izan du proposamen hau bidezkoa eta demokratikoa dela. Eta, gainera, esan dudan moduan, Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren aldekoa izan da, eta, beraz, Konstituzio Epaitegiak eztabaida Euskal Ganberan egin zedin eragozteko ahalegina egin zutenen aurkakoa. Epaia, horrenbestez, Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak zituzten tesien kontrakoa izan da.
Konstituzio Epaitegiak berak adierazi behar izan zuen, 2004. urteko apirilean, proposamena bidezkoa eta demokratikoa dela, eta Eusko Jaurlaritzak arlo horretan duen eskumena ezin dela zalantzan jarri, gaitasuna du-eta Estatutua berritzeko proposamena egiteko, edo Eusko Legebiltzarrari nahi beste eztabaida-proposamen bidaltzeko. Bestelakorik ulertzen duenak ez daki, bada, parlamentu-sistema demokratikoaren logika zein den, sistema horren oinarrietako bat dugu-eta Parlamentua eztabaida politikorako berezko lekua izatea.
Jaun-andreok, urte askoan Konstituzio Epaitegira jo duzue behin eta berriz, honelako auziak Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu ez daitezen. Garrantzizkoa da Euskadin horren berri izan dezaten, baina are garrantzizkoagoa da Espainian ere horren berri izatea. Azpimarratu behar dugu, beraz, gaur hemen aurkezten ari naizen Estatutu Politiko honi buruz Konstituzio Epaitegiak eman duen epai bakarrak arrazoi eman diola Eusko Jaurlaritzari, Eusko Legebiltzarrari; ez die arrazoia eman auzi honetaz Eusko Legebiltzarrean lehenengo, eta Diputatuen Ganberan gero, ezin eztabaida zitekeela ziotenei, Alderdi Popularrari eta Alderdi Sozialistari, alegia.
Zein eratako negoziazioa egin liteke, galdetzen diot neure buruari, lau urtean hizketan ere egin nahi izan ez duenarekin? Hau ez da, ez, arazo juridikoa. Bestelako arazoa da, borondate politikoari dagokiona. Ziur gaude Espainiako Konstituzioak badituela tresnak, euskaldunok geure etorkizunaz erabakitzeko dugun eskubidea txertatzeko; lehenago aipatu ditut tresna horiek: batetik, lehen xedapen gehigarria, eta, bestetik, bigarren xedapen indargabetzailea; eta, horiez gainera, Gernikako Estatutuaren xedapen gehigarria ere badugu erabilgarri. Ziur gaude; hemen esan nahi dut guztiek ondo entzuteko eta ulertzeko moduan; konstituzionalismo baliagarri baten alde egingo dugu lan; eta ez, beste konstituzionalismo-mota horren alde, Konstituzioa erabiltzen baitute arau itxia bailitzan, akordio politikoak eragozteko tresna bailitzan.
Nire bosgarren mezua; gaur abagune historikoa dugu euskal gatazka konpontzeko atea ireki dezagun; hemen natorkizue, euskal gizartearen besoa luzaturik, eskua zabalik, XXI. menderako Espainiarekin bizikidetza-esparru berri bat negoziatzen has gaitezen. Ez ezazue gal aukera hau, Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartu duen proposamenari atea danba itxita. Ez itzazue baztertu elkarrizketa eta negoziazioa. Ezin dugu galdu gaur hemen egokitu zaigun abagune historikoa. Oraintxe dugu-eta aukera XIX. mendetik datorkigun bizikidetza-arazo bat konpontzeko, eta auzi horri aurre egiteko.
Trantsizioa trantsizio, gainditu gabeko gai historikoa dugu hor, konpontzeke. Gaur, foruak indarrez kentzeko lehendabiziko legea onartu zenetik 166 urte igarota, foru-lurraldeetan eskubide horiek badirela Espainiako Konstituzioan bertan aitortuta, eta hori bera Gernikako Estatutuan jasota, gaur abagune historikoa dugu, baldin eta Eusko legebiltzarraren izenean eta, oro har, euskal erakunde demokratiko guztien izenean, hemen dakarkizuedan proposamena, eskaintzen ari natzaizuen eskua mespretxatzen ez baduzue.
Proposamena, jaun-andreok, ez da arazoa; proposamena aukera ederra da. Ni ez nator bat zuetako batzuekin, eztabaida politikoak haustura dakarrela esaten duzuenean. Eztabaida politikoak ez dakar hausturarik; eztabaida politikoak demokrazia sendotzen du. Eztabaida politikoak ez du zatitzen; hain zuzen ere, eztabaida politikoak eragotzi egiten du zatiketarik gerta dadin. Eztabaidarik ez egiteak, horrexek zatitzen du; eta, ez, aldiz, negoziatzeak. Gaur hemendik aterako bagina Eusko Legebiltzarrak eta Gorte Nagusiek elkarri benetako negoziazioan hasteko hitza emanda, erabaki horrek ez luke inola ere euskal gizartea ernegatuko, ezta Espainiako gizartea ere. Negoziazioari aterik ez irekitzeak, nire aburuz, horrek ernegatzen du benetan. Ez gara-eta demokraziaren beldur zertan izan! Ez dugu zertan beldurrik izan gizarteei galde egin diezaiegun. Zeren beldur gara, euskal gizarteari berari honetaz kontsulta eginda? Zeri diogu beldurra? Euskal gizarteari galdetzeak, horrek ematen al digu beldurra? Ala, galdetzekotan, euskal gizarteak eman dezakeen erantzunak?
Denbora laburra dut-eta, mahaiburu jauna, lau mezu igorri nahi ditut bukatzeko:
Lehendabizikoa, Diputatuen Ganbera honi esateko, nahigabeak nahigabe, ni baikorra naizela, zeren eta, hemen gerta ala gerta, hemen bozkatzen dena bozkatzen dela ere, ez delako hasiera izango, ezta bukaera ere, atzera bueltarik ez duen bide honetan. Bide honek, egunen batean, bukatu beharko du, euskal gizarteari kontsulta demokratikoa eginda; eta, espero dut erabateko balio juridikoa emango dion akordio batera iritsi ondoren gertatzea hori.
Bigarrenik, mezu bat zuentzat, Gobernuko lehendakari jauna eta Rajoy jauna; zuek adostu duzue dagoeneko hemen zer erabakiko den. Hemendik, tribuna honetatik, Herri bakezale eta zibilizatu baten ordezkari natorkizue, bere herrikideen erabaki demokratikoaren aurrean errespetua eta elkarrizketa eskatzera. Zuek dagoeneko erabakita duzue negoziazio hori, eta horretarako eskubidea duzue, baina euskal herritar guztiei azaldu beharko diezue gero, zuek biok erabakita duzuela gure etorkizuna nolakoa izango den, eta euskaldunok har genezakeen erabaki demokratikoak ez duela ezertarako balio, zuek dagoeneko erabakia hartua duzuelako haien guztien ordez.
Hirugarren mezua Europar Batasunarentzat da, Nazioarteari begira; adierazi nahi diet Herri bateko Legebiltzarraren ordezkari nagoela hemen, eta Herri hori errespetuz eta gizabidez ari dela eskatzen, bere herritarren erabaki demokratikoa entzun dadin. Gu ez gatoz inori ezer inposatzera; gure eskua duzue hemen zabalik, hemen gaituzue, Espainiarekin elkarbizitza adeitsua lortzeko akordioa negoziatzeko prest. Gaur egun, lehen munduan tradizio demokratikoa duen edozein herrialdetan, hemen egindako antzeko planteamenduek ez dute inolako arazorik ekartzen; oso gauza arrunta da gizarte baten erabakia, argia eta jakina bada, kontuan hartzea. Izugarria litzateke aurkakoa, alegia, gizarte baten borondatea, argia eta jakina izanda ere, ez inola ere kontuan hartzea beren etorkizuna erabakitzeko orduan. Eta tresna eta lanabes juridiko eta politiko modernoak erabiliz egiten dugu,; ez, bada, XIX. mendekoekin, XXI.ekoekin baizik. Bada elkartze-gune bat: erabakitzeko eskubidea eta ituntzeko betebeharra, gaur egun planteatuta dagoen bezala hainbat gizarte aurreratutan, hala nola Kanadan, Quebecen, Irlandan, Flandesen, Walonian eta abar.
Laugarren mezua, espainiar gizarteari. Esan nahi dizuet aurkitu dezakegula, hartara jartzen bagara, elkarrekin bizi eta Europan elkarrekin partaide izateko eredu politiko bat, elkar errespetatuz. Zinez sinesten dut eta hala plazaratu nahi dut hemen, zintzotasun osoz, Eusko Legebiltzarraren izenean. Badakit badela Espainian jende asko Euskadiren etorkizuna guk euskaldunok erabaki behar dugula pentsatzen duena; jende asko. Eta horregatik eskertu nahi ditut, Eusko Legebiltzarraren izenean, Espainiako herri guztietatik jaso ditugun hainbat eta hainbat ongi-nahiezko mezu, bereziko andaluziar herriagandik, galiziar herriagandik eta kataluniar herriagandik.
Eta euskal gizartearentzako mezu batez amaituko dut: euskal herriaz harro nago, gure mendeetako historiaz, gure hizkuntzaz, Europako hizkuntza zaharrenetarikoa den euskaraz. Baina harroago gure gizon eta emakumeez, gaur egun Euskadin bizi eta lan egiten dugun euskaldun guztiez, non edo non jaio garela eta nori edo nori botoa ematen diogula. Zuei zuzendu nahi natzaizue funtsean, etorkizuna guri dagokigula esateko, gurea dela, eta guk geuk idatziko dugula; besterekin itunak eginda, baina guk idatziko dugula, gure eskuz.
Beste barik, eskerrik asko zuen arretagatik.
Eskerrik asko, lehendakari jauna.
