Suetenaren aurrean, adierazpen instituzionala
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA, GOBERNU BATZORDEA
2006ko martxoaren 22a
1. Ilusioa
Gure poza adierazi nahi dugu ETAk, azkenean, Euskal gizarteari entzun diolako.
Lehendakari naizen aldetik eta Jaurlaritzaren izenean adierazi nahi dut baikorki ikusten dugula ETAk su-eten iraunkorra abiatzeko adierazi duen asmoa eta horrek gizartean eragindako ilusioa.
Euskal gizarteak indarkeria mota guztiak behin betiko desager daitezela aldarrikatzen du eta irmotasunez exijitzen du giza eskubideak eta pertsonen askatasuna errespeta daitezela. Beraz, ETAren erantzukizuna da gure herriaren esperantza eta gu guztiona, Alderdi Politikoena eta Erakundeena, berriro ere ez zapuztea, Bake prozesua atzerabiderik gabea izango dela bermatzea.
2. Itxaropena
Su-eten iraunkorra aldarrikatuz ETAk egin duen adierazpenak arnasa ematen dio euskal gizarte osoari eta leiho bat zabaltzen dio esperantzari, ez ezerk eta ez inork itxi behar ez duen leihoa. Guztiok lan egin behar dugu Bake prozesuaren alde, elkarrizketaren bidez indarkeria guztiz desagertzea lortu arte. Guztion artean landu behar dugu bizikidetzarako prozesua, gizatasun osoz, biktima guztien samina aitortuaz.
3. Erantzukizuna
Lehendakari gisa, Rodriguez Zapatero presidenteari nire laguntza osoa eta Gobernu osoarena eskaini diot bake prozesua errazteko. Normalizazioari buruzko gai politikoetan elkarrizketa eta hartu-eman leiala elkarrekin jorratzeko neure konpromisoa adierazi diot.
4. Konpromisoa
Jakin badakigu irekitako bidea zailtasunez beterikoa eta konplexua izango dela. Horregatik, alde batetik gure konpromiso sendoa adierazi nahi dugu eskubide indibidual zein kolektiboak urratzen dituzten ekintza guztiak behin betiko gizarte honetatik desagertzea lortzeko. Bestalde, gure konpromiso sendoa adierazten dugu Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbidea aurkitzeko orain arte bezala, bide politiko eta demokratikoak soilik erabiliaz. Beti ere kontuan izanik gatazka politikoak, gizarteak demokratikoki aukeratutako alderdi politikoek konpondu behar dituztela.
5. Elkarrizketa
Euskal gizarteko alderdi eta pentsamolde politiko guztiei dei egin nahi diet, guztiok dagokigun erantzukizuna hartuaz, aukera hau balia dezagun eta elkarrekin lan egin dezagun Normalizazio Politikorako Akordioa lortzeko, ondoren, kontsulta demokratiko baten bidez, euskal gizarteak berretsi beharko duena.
Zentzu honetan, euskaldun guztiei jakinarazi nahi diet izan ditudala lehen harremanak alderdi politiko guztietako ordezkariekin, itxaropen aro honen balorazioa egiteko eta bazterketarik gabeko elkarrizketa zabaltzea proposatu diedala, guztion artean zehazteko prozesuaren egutegia, eta elkarrizketaren oinarriak, metodologia, eta edukiak. Horren ondoren, alderdien mahaia osatzeko bermea izango dugu, normalizazio politikoaren gaineko akordio zabala lortzea helburu izango duena, kontsulta demokratiko baten bidez euskal gizarteak berretsi beharko duena.
6. Parte hartzea
Gizarteak bake eta normalizazio prozesua berea dela sentitu behar du. Ezin du "politikoen gauzatzat" hartu.
Hemen bizi eta lan egiten dugun gizon eta emakume guzti-guztiok hartu behar dugu parte. Bide hau elkarrekin egiteko eskubidea eta betebeharra daukagu.
Egia da alderdi politikoen zeregina ezin duela beste inork bete, baina euskal gizarteak eraginkor hartu behar du parte.
Gizarteak eskatuta iritsi gara honaino, gizartearen eskari horrek ireki dio atea itxaropenari; gizartearen bultzadak galaraziko du atzera egitea, gizartearen bultzadak eskatuko du hitzarmen politikoak erdiestea, aurrera egitea, parte hartzea eta erabakitzea.
7. Hitza eta erabakia
Iritsi da ordua armak behin betiko isil daitezen eta guztion artean atzera biderik izango ez duen Bakea eraiki dezagun.
Heldu da garaia Normalizazio Politikorako Akordioaren alde politikagintzatik lan egiteko.
Heldu da garaia euskal gizarteak bere etorkizuna bakean eta askatasunean erabaki dezan.
Euskal gizartearen adiskidetzea eraikitzeko garaia da.
