Blog de campaña

2005-04-13

Poza eta posea

Batasunak eta Aukera Guztiak taldeak parte hartzeko aukerarik ez dute, baina zorionez badirudi EHAK aurkezteko moduan izango dela, eta guk pozez hartzen dugu berria. Entzun izan dut gure poz hori pose hutsa dela eta sakonean dugun sentipena beste bat dela. Bejondeiela telepatiarako ahalmen ikusgarri horiek dituztenei, baina oraingo honetan iruditzen zait ez dutela asmatu, izan ere, Alderdien Legea sortu zen unetik aurrez aurre izan baitzituen bai EAJ eta baita EA ere.

Gure azterketaren arabera, ezker abertzaleak bide politiko eta demokratiko hutsen aldeko apustua egitea, ziurrenik gure herri honetan daukagun beharrik handiena da, eta Alderdien Legeak apustu politiko horri oztopoak besterik ez dizkio ipintzen.

Alderdien Legearen helburua, PP eta PSOEk 2001eko maiatzaren 13ko apustua galdu zutenean diseinatu zen. Garai hartan abertzaletasuna euskal erakunde nagusienetatik kanpo uztea zen helburu nagusia, eta PP-PSOEk eserleku bat gutxiago lortu zuenean, alde batetik Aznarri entzun zitzaion esaten euskal gizartea heldugabea zela, eta bestetik Mayor Orejak esan zuen "alternatiba" perfekzionatu egin behar zela. Esaldi honen azpian kalkulu hauxe zegoen: maiatzaren 13ko emaitzak hartu, eta ezker abertzalea legebiltzarretik aterata, PP-PSOEk gehiengo absolutua gertu izango zutela. Alderdien Legeak datozen hauteskundeetarako ere helburu berdina du: EAJ-EA koalizioari Legebiltzarrean lidergoa mantentzeko aukera kentzea.

Pasa den otsailaren 1ean Ibarretxe lehendakariak Madrileko Kongresuan hitzaldia hasi eta segituan esan zuen bezala, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du. Noski, erabaki horren aplikazioa negoziatzeko beharra izango da, baina abiapuntua erabakitzeko eskubidean dago. Eusko Legebiltzarrak iazko abenduaren 30ean gehiengoz onartu zuen proposamenak helburu horixe du: Euskal Herriaren zati garrantzitsua den EAEko gizarteak, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea oinarri harturik, espainiar Estatuarekin harreman status berri bat negoziatzea. Aldi berean, prozesu honi eraginkortasuna eskaintzeko eta egon daitezkeen beto nahiak zapuzteko kontsulta baten beharra aldarrikatzen dugu. Guzti hori aurrera ateratzeko lidergo sendoa behar da Legebiltzarrean, eta lidergo hori ez da gauzatuko PP eta PSE-EEk gehiengoa lortzen baldin badute. Inkesten irakurketa sakonak argi adierazten du, gainera, aukera guztiak zabalik daudela.

Markel Olano

EAJ-PNVko EBBko burukidea

Autor: Markel Olano ¦ 16:20

Comentarios

Responder

Para poder hacer comentarios o enviar artículos al blog, debes estar registrado y conectarte. Si ya estás registrado, conéctate mediante la opción del menú a la derecha. Si no estás registrado aún, puedes inscribirte fácilmente:

Regístrate