Blog de campaña

Mapa berria ote?

Hauteskundeek gizartearen mapa politikoa eraldatu ohi dute lau urtetik behin eta, dirudienez, atzoko emaitzek 2001 eta 1998ko argazkien arteko bataz bestekoaren apustua egin dute. Argazki interesgarria geratu denik ezin uka. Abstentzioaz, behintzat, gaurko %31 dezente hurbilago dago 1998ko %30etik orain lau urteko %21 hartatik baino. Ez da falta izango partaidetza murritz hau eguraldi eskasari leporatuko dionik baina aldez aurretiko inkestek sumatzen zuten datua da.

Emaitzen arabera, EAJ-EAk koalizioak lortutako portzentaia (%38,60) orain lau urtekoaren dezente azpitik (%42,72) geratzen da baina 1998ko datuaren (%36,7) gainetik. PPren portzentaia (%17,32) ere orain dela lau urtekoa (%23,12) eta zortzi urtekoa (%20,13) baino nabarmen motelagoa. PSEk gaur eskuratu duen portzentaia (%22,64), ostera, 2001koa (%17,90) eta 1998koa (%18,6) baino altuagoa da.

PCTV-EHAKk (%12,54) orain lau urte EHk lortutakoa (%10,12) gainditu du, 1998ko emaitzetara (%17,91) heldu ez den arren. EBk (%5,47), berriz, 2001ko datuari (%5,58) eutsi dio, 1998ko emaitza (%1,3) erraz asko gaindituz. Azkenik, Aralarrek %2,34 lortu du.

Bistan da euskal gizarteak ez duela oraingo honetan 2001ko mamurik sumatu, ez duela euskal autogobernua auzitan ikusi, eta ez dituela hauteskunde hauek Estatutu Politiko Berriaren plebiszitozat hartu. EAJ-EA koalizioak (29) PSOE-PP (18-15) bikoteak elkarrekin baino lau parlamentari gutxiago lortu du, baina ez 1998 bezala, 5 gutxiago. Eta aurreko bi autonomikoetan ez bezala, sozialistek bigarren postua kendu diote PPri.

Ibarretxeren koalizioak 4 parlamentari galdu arren, PCTV-EHAKk (9) 2 gehiago lortu dituenez eta Aralarrek bat, Legebiltzarraren parlamentari abertzaleak 39 izango dira, 2001an (40) eta 1998an (41) baino gutxiago. PCTV-EHAKren emaitza onek animatuko al dute Batasunaren mundua behingoz ekintza armatuari muzin egiten?

2005-04-17 ¦ 22:32 ¦ Permalink ¦ Autor: Amatiño ¦ Comentarios (0)

Hauteskunde gaua: hitzorduak ditugu Gasteizen eta Interneten

Gaur gauerako hitzordua Gasteizko Azucarera eraikinean dauka EAJ eta EAren koalizioak. Ibarretxe Lehendakariak Lehendakaritzatik jarraituko ditu datuak, bertan elkartuko diren sailburuekin eta gizarteko hainbat ordezkarirekin, eta emaitzak ofizialtzat emateko modukoak direnean, bera ere etorriko da Azucarerara guztiokin hauteskunde-gaua ospatzera.

Ibarretxe.com webgune honetan ere jarraituko dugu hauteskunde gaua. Emaitzak argitaratuko ditugu, albisteak izango dira, eta blogean ere espero dugu jardutea, datuak eta iritziak trukatuz, zuen laguntzarekin ahal bada.

Lehen datu ofizialak Javier Balza Herrizaingo sailburuak emango ditu, Lehendakaritzatik bertatik, 21.30ak aldera. Ordurako zenbaketaren %50a egina izango dela espero da. Eta 10.30ak aldera, datu osoak emateko moduan egongo da sailburua. Zenbaketa Internetetik ere jarraitu ahal izango da Elecciones.net webgunearen bidez.

2005-04-17 ¦ 09:56 ¦ Permalink ¦ Autor: blogmaster ¦ Comentarios (0)

Biziraupenerako gogoeta, hausnarketa egunean

Gogoeta, amaigabe bueltaka dabilen gurpila izan daiteke, batere fruiturik ematen ez duena. Hausnarketa, berriz, digestio prozesua da; behiak belarrari buelta asko emango dizkio agian, baina buelta horien helburua argi dago: biziraupena.

Gure herriaren ibilbide luzean hainbat mugarri izan dugu, eta guztietan izan du euskaldunak lehentasunak finkatzeko gaitasuna. Etorri zaizkigun erronka edo erasoei "konszienteki eta erresponsableki" aurre egiten jakin dugu. Unerik gogorrenetan ere gizalegeari eusten ahalegindu gara, geure eskubideak defendatzearren beste inorenak zapaldu gabe.

Ba inork ez dezala zalantza izpirik izan une kritiko horietako batera heldu garela. Biharko eguna, gure herriaren biziraupen nekezaren urrats berria dugu, eta nahastera edo despistatzera datorrenari hausnarketaren bidez erantzun behar diogu: biziraupenerako gogoetaz.

Biharko eguna, geure erabakitzeko gaitasunaren oinarriak finkatzeko unea dugu. 1990ean Eusko Legebiltzarrak onartu zuen eskubidea gauzatzeko unea. Bai marko politiko propioaren bidez, bai geure subiranotasuna, osorik edo zati batean, beste Herri batzuekin partekatuz, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hiritarrok geure status politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala era libre eta demokratikoan erabakitzeko dugun eskubidea gauzatzeko unea.

Prozesu hori lideratzeko gauza izan daitekeen hautagai bakarra ikusten dut nik, eta bere izena Juan Jose Ibarretxe da.

2005-04-16 ¦ 11:09 ¦ Permalink ¦ Autor: Markel Olano ¦ Comentarios (0)

Igandean denok bozkatzera

Aupa lagunok!

Kanpaina gaur bukatzen da. Oso ondo joan da. Lehendakaria inoiz baino hobeto, mezua argi utzi du, eta PPSOE koalizioko zirikada eta irainei oso ongi erantzun die.

Lan ona egin dugu denok, eta igandean emaitza onak lortuko ditugu.

Baina ezin gaitu loak hartu! Azken egunotan badirudi dena eginda dagoela, eta horrek indarra ematen dio PSOEri. Atzo ere, Zapatero pozez gainezka, PNV ez dela 30era iritsiko, eta beraiek 20 lortuko dituztela.

Erakutsi dezagun zer nahi dugun.

Igandean denok bozkatzera!

Eta astelehenean, Lehendakariak esan duen bezala, lanera.

2005-04-15 ¦ 09:05 ¦ Permalink ¦ Autor: Jon ¦ Comentarios (1)

Propina izango da txatetan: Idoia Zenarruzabeitia ere bai

Ez dira txatak amaitu, nahiz eta horixe iragarri dugun duela ordu batzuk.

Kanpainako bulegoak beste partaidetza bat lotu du, zeuokin denokin elkarrizketa digitala egiteko: Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordea eta Bizkaiko zerrendan bigarrena izango da bihar gurekin Ibarretxe.com webgunean. Hitzordua kanpainako azken egunean da, ostirala 15, eguerdiko 13.00etan, ordu erdiz euskaraz, eta ondoren beste ordu erdi bat gaztelaniaz.

2005-04-14 ¦ 16:06 ¦ Permalink ¦ Autor: blogmaster ¦ Comentarios (0)

Anteriormente en el blog »