Juan Jose Ibarretxe Markuartu Lehendakariak United States Institute of Peace-n (USIP) eginiko hitzaldia

Laburpena

ETAk pasa den martxoaren 22an iragarritako su-eten iraunkorra Europako eta nazioarteko hedabideetan argitaratu zen. Euskal gatazka konpontzeko benetako aukera ireki da, Europako erdiko era horretako azken gatazka politikoa hain zuzen.

Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak Washingtoneko United States Institute of Peace delakoak gonbidatuta eman zuen hitzaldian honako galdera hauei ematen zaie erantzuna:

  • Zergatik da garrantzitsua ETAren su-etena iragarri izana eta zein dira su-etena iragartzeko arrazoiak ?
  • Zein da Euskal Herria?
  • Zertan datza euskal gatazka, zein da jatorria?
  • Zein bi arazori egin behar zaie aurre euskal gatazka konpontzeko?
  • Zein dira bake prozesua lantzeko faseak eta zailtasunak?
  • Nola konpondu azpian dagoen arazo politikoa? Zein da euskal gatazka konpontzeko gakoa?
  • Nola lagundu dezake nazioarteko erkidegoak euskal arazoa behin betiko konpontzen?

Eskema

  1. - Europan gelditzen den era horretako azken gatazka politikoa konpontzeko aukera historikoa.
  2. - Euskal gatazka. Arazo historiko politikoa, 170 urtez dirauena.
  3. - Euskal gatazka: bi arazo ezberdin. Konponbide ezberdinak dituzten bi prozesu.
  4. - Indarkeriaren arazoa. Bake prozesua.
  5. - Arazo politikoa. Normalizazio prozesua.
  6. - Erabakitzeko eskubidea: konponbiderako gakoa.
  7. - Nazioarteko erkidegoaren eginkizuna: funtsezko laguntza euskal gatazka konpontzeko.

Garapena

I.- Europan gelditzen den era horretako azken gatazka politikoa konpontzeko aukera historikoa.

Esperantzazko une bat konpartitzera gatoz.

1) Pasa den martxoaren 22an, Euskal Herriko, Espainiako, Europako eta nazioarteko hedabideetan euskal gizarteak gehien espero eta desio duen albisteetako bat eman zuten argitara: ETAk ekintza armatuetan su-eten iraunkorra iragarri zuen formalki.

2) Irlandako bake prozesua amaitu ondoren, ETAren adierazpenak aukera historikoa irekitzen du euskal gatazka konpontzeko, Europan dagoen era horretako azken gatazka politikoa hain zuzen.

3) Gatazkaren muinean murgildu baino lehen, utzidazue Euskal Herria zein den azaltzen; gainera, bakerako esperantzazko une hau zuekin konpartitzera Washingtonera etortzeko arrazoia emango dizuet, garrantzitsua iruditu baitzaigu hona etortzea.

Euskal Herria, milaka urte dituen herria Europako aitzindaria.

4) Euskal Herria Europakoa da sortu zenetik. Antropologoen eta historialarien azterlanek azaltzen dutenez, euskaldunak Pirinioetako mendi-lerroko mendebaldean bizi dira historiaurretik, hain zuzen ere Espainiako eta Frantziako egungo estatuak banatzen dituen mendi-lerroan. Mundu mailan ospea zuen Jose Migel Barandiaran euskal antropologoaren arabera, lur hauetan bizi ziren Cromangnon gizakiarengandik eboluzionatu zuten euskaldunak eta, beraz, Europako herririk zaharrena garela uste dute.

5) Euskara, euskaldunen hizkuntza, Europako hizkuntzarik zaharrena da, milaka urte dituen hizkuntza eta sustraiak historiaurrean dituena. Espainiako estatuko euskal lurraldeetan euskara ofiziala da gaztelaniarekin batera. Hala ere, Frantziako estatuko euskal lurraldeetan euskaraz hitz egiten da, baina ez da ofizialki aitortu. Gure herriak bizirik irauteko duen borondatearen eta nortasunaren lekukotasun bizia ematen du euskarak.

6) Euskal Herria, entziklopedia britainiarrean agertzen denez, zazpi lurraldetan dago kokatua, gaur egun hiru errealitate administratibo eta politikotan egituratua , Espainiako estatuaren eta Frantziako estatuaren artean banatua Pirinioen bidez. Frantziako aldean, bere autonomia ez duten hiru euskal lurralde daude. Espainiako aldean, beste lau lurralde daude, bi erregio autonomotan bilduta: Nafarroako Erkidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoa.

7) Euskal Herritarrak, historian, emigratu behar izan du arrazoi politiko, ekonomiko eta sozialengatik. Egin diren kalkuluen arabera, euskal jatorriko sei milioi lagun daudela uste da munduko hainbat herrialdetan banatua, bereziki Hegoamerikan. Euskal jatorriko pertsonaia unibertsal asko dago: Juan Sebastian Elkano, mundua inguratu zuen lehen nabigatzailea; S. Ignazio Loiola, josulagunen ordena sortu zuena; René Bassin, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren aita eta bakearen Nobel saria; Francisco de Vitoria, Nazioarteko Zuzenbidearen aita; Simon Bolibar, Hegoamerikako askatzailea, eta beste asko XX. mendekoak: Balenziaga, Unamuno, Pio Baroja, Txillida, Oteiza, etab. Guztiak izan dira herri baketsu eta ekintzailearen enbaxadorerik onenak historian.

8) Euskal Herriak ez dizkio itxi ateak Europari. Europako aitzindariak gara. Euskal Autonomia Erkidegoan 2.200.000 lagun bizi dira -hots, euskaldunen ¾ EAEn bizi da-, eta Europako lehen postuetan dago ongizatearen, bizi-itxaropenaren eta hezkuntzaren arloan, Alemania, Frantzia, Britainia Handia eta Espainiaren moduko herrialdeen aurretik Gure per capita errenta 30.000 eurokoa da, Europako batezbestekoa baino % 25 altuagoa, hots, 36.000$-koa egungo trukean. Nazio Batuek eginiko Giza Garapenaren Txostenaren metodologia aplikatuz, Euskal Herria giza garapenaren mundu mailako rankingaren lehen 10 herrien artean dago.

9) Euskaldunek Estatu Batuen historian ere parte-hartze handia izan dute orain dela 100 urtetik hona. XIX. mendearen amaieran, badira euskaldunek mendebaldeko estatuen kolonizazioan izan zuten partaidetzaren gaineko aztarnak. Miguel Leonis, "euskalduna" zeritzona, Kaliforniako legendazko sortzaileetako bat izan zen. 1885ean, jasota utzi denez, agertu ziren euskarazko lehen argitalpenak San Francisco eta Los Angelesen inguruan. 60.000 euskaldun-amerikar daude gaur egun estatu guztietan banatuta, baina batez ere Kalifornian, Idahon, Nevadan, Washingtonen eta Oregonen. Euskaldun-amerikarrek ia 40 zentro eta elkarte ofizial dituzte North American Basque Organisation delakoan elkartuta. Bitxikeria moduan esango dizuet jeneral euskaldun-amerikar batek, Frank D. Carranzak, euskara erabili zuela Japoniako espioitza engainatzeko, eta euskarazko esaldi bati esker Guadalcanaleko lehorreratzerako agindua eman zen gako gisa.

10) Euskaldunen eta haien gobernu moduaren mireslerik handienetakoa, beharbada, John Adams bera izan zen, Estatu Batuetako bigarren presidentea. Demokraziaren erakusgarri aipatu zituen euskaldunak Estatu Batuetako Konstituzioaren aldeko diskurtsoan. Honela deskribatu zituen euskaldunak 1786an: "This extraordinary people have preserved their ancient language, genius, laws, government, and manners, longer than any other nation of Europe".

Ehunka urteko adiskidetasun loturak dauden Euskal Herriaren eta Amerikaren artean; beraz, ezin diogu ezetzik esan USIPek esperantzazko une hau konpartitzeko egin digun gonbite atseginari.

Zergatik iragarri du ETAk su-eten iraunkorra?

11) 1968tik -ETAk lehen hilketa burutu zuen atentatuko urtea- pasa den martxoaren 22ra arte ia 40 urteko indarkeria politikoko aldia izan da. Aldi horretan, ETAren terrorismoak 859 hildako eragin ditu, baita milaka zauritu eta milaka pertsona mehatxatu eta estorsionatu ere. Indarkeriaren ondorioz, gainera, ia mila atxilotu, terroristen kontrako taldeek ETAko militanteen kontrako hilketa selektiboak, hedabideak itxi eta beren beregi ETA gaitzesten ez duten euskal alderdi politikoak debekatu dira, baita nazioarteko erakundeek tortura salaketak egin ere (adibidez, Human Rights Watch eta Amnistia Internacional).

12) Min eta sufrimendua ez ezik, gizarte gatazka eta zatiketa ere ekarri du indarkeriak. ETAren terrorismoak ondorio txarrak izan ditu ekonomian eta lehen mailako arazoa izan da Espainiako estatuarentzat eta, hedaduraz, Europa osoarentzat.

13) Iraganean hainbat ahalegin egin dituzte Espainiako estatuak eta ETAk indarkeriaren arazoa konpontzeko. Berrienak 1989an izan ziren Aljerian, presidentea Felipe Gonzalez sozialista zela, eta 1998an Suitzan, Espainiako gobernu burua Aznar jauna zela. Bietan porrota izan zen, besteak beste bi arazo ezberdin nahastu zirelako: ETAren indarkeriaren arazoa eta euskal gatazkaren konponbidea.

14) Zein faktore izan dira ETAk su-eten iraunkorra adierazteko une honetan hain zuzen ere?

Lehena: euskal gizarteak ETAri bake eske eginiko presioa. 10 euskaldunetik 9 indarkeriaren kontra dagoela adierazten dute eginiko inkesta soziologiko guztiek aspalditik; hori ere gogoratu beharra dago.

Bigarrena: dorre bikoitzen kontra New Yorken 2001eko irailaren 11n eginiko atentatu lazgarrien ondoren nazioartean dagoen eszenatoki berria, eta horren ondorioz era guztietako terrorismoen kontrako presio politikoa, poliziala eta judiziala.

Hirugarrena: Espainiako estatuko eszenatoki berria, terrorismo islamiarrak 2004ko martxoaren 11n eginiko atentatuaren ondoriozko eszenatoki berria. Tragedia hartatik, ETAk atentatuetan inor ez hiltzea erabaki zuen, eta Rodriguez Zapatero Espainiako gobernu buru berriak baimendutako elkarrizketa diskretuak hasi ziren; izan ere, Aznar jaunak baino joera garbiagoa agertu du Zapatero presidenteak elkarrizketarako.

Laugarrena: Eusko Legebiltzarrak 2004ko abenduan gehiengoz onetsitako proposamena onetsi ondoren Euskal Herrian irekitako eszenatoki berria, Espainiarekin Libreki Elkartzeko Estatutu Politiko Berrirako Proposamena hain zuzen. Espainiako Gorteek atzera bota zuten proposamena, baina euskal gatazka konpontzeko oinarriak jarri ditu.

II) Euskal gatazka. Arazo historiko politikoa, 170 urtez dirauena.

1) Espainiako Erreinua Erdi Aroan eratzeko, Europako beste estatu batzuen antzera, hainbat erreinu konkistatuz lortu zen. Euskal lurraldeen eta Espainiako estatuaren arteko elkarbizitza politikoaren garaia izan zen -lehenbizi Gaztelako erreinuarekin, erreinu horri atxiki zitzaizkiolako, eta gero Espainiako hainbat erreinurekin-, Euskal Foruen errespetuan oinarrituta, hots, euskaldunei bere nortasunari eta autogobernuari eusteko modua ematen zieten legeetan eta ohituretan oinarrituta.

2) Elkarrenganako errespetuan oinarrituriko erlazio hori bat-batean hautsi zen bi gerra zibilen ondoren, 1836ko eta 1839ko karlistaden ondoren. Harrezkero, Espainiako estatuak monarkiaren batasun konstituzionala inposatu die euskaldunei eta foruak eta autogobernua indarrez deuseztatu zituen.

"Arazo politikoa sortu zen horrela".

3) Euskal abertzaletasuna 1895ean sortu zen, hots, orain dela 111 urte, mugimendu politiko demokratiko gisa, Euskal Herriaren askatasuna aldarrikatzeko, beren nortasuna defendatzeko eta foruak berreskuratzeko, hots, bere burua bere legeekin gobernatzeko eskubidea izateko.

4) Euskal Herriak 1936ra arte itxaron behar izan zuen bere autonomia politikoaren zati bat berreskuratzeko, Franco jeneralaren altxamendu faxistak eragindako Espainiako gerra zibilaren erdian. Ondorengo diktadura frankistak autonomia erabat deuseztatzea ekarri zuen: euskara jazartzea, kartzela, erbesteratzea eta milaka euskaldunen zapalketa.

Zapalketa giro horretan sortu zen ETA, diktadura militarren kontrako indarkeriazko erantzun gisa, garai hartako nazio askapenerako beste mugimenduen antzera.

"Indarkeriaren arazoa sortu zen horrela".

5) Francoren diktaduran, Eusko Jaurlaritzak indarrean jarraitu zuen erbestean. Amerikak hartu zuen 1941ean Jose Antonio Agirre lehendakaria. Eusko Jaurlaritzaren egoitza New Yorken ezarri zen, eta bertan izan zuen Agirre lehendakariak katedra bat Kolunbiako Unibertsitatean 1946ra arte. Urte hartan bertan, 1946ko maiatzaren 21ean, diktadura frankistak Euskal Herriaren kontra zeraman zapalketa salatu zuen Agirre presidenteak Nazio Batuetako idazkari nagusiaren aurrean, Trygve Halvdan Lie norvegiarraren aurrean, eta ofizialki eman zion "Memorandum from the Autonomous Basque Government to the Sub-Committee of the Security Council" delakoa.

6) Espainian diktadura amaituta eta demokrazia berreskuratuta, Konstituzio berria onetsi ahal izan zen 1978an, baina Euskal Herrian % 30,8ko aldeko botoa baino ez zuen jaso. Ondoren, 1979an Euskal Herriko bigarren estatutua onesteari esker, Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra sortu ziren. Autonomia Estatutuak hainbat eskumen kudeatzeko balio izan du, euskaldunen ongizatea hobetzeko, baina 27 urte igarota, euskal gizartearen gehiengoak Euskadiren eta Espainiaren arteko erlaziorako marko berria negoziatzeko eskatzen du.

7) Berrikiago, 2004ko abenduaren 31n, Eusko Legebiltzarrak gehiengoz onetsi zuen proposamen bat, Espainiako estatuarekin erlazio marko berria planteatzen duena eta oinarritzat elkartze librea eta elkarrenganako errespetua dituena. Espainiako Gorteek baztertu egiten zuten proposamena, baina mahai gainean dago euskal gatazka konpontzeko oinarriak dituen tresna den aldetik, betiere soilik bide politikoak eta demokratikoak erabiliz.

III.- Euskal gatazka: bi arazo ezberdin. Konponbide ezberdinak dituzten bi prozesu.

1) Euskal gatazka ulertzea solaskide eta konponbide prozesu ezberdinak behar dituen bi arazo daudela aitortzea dakar. Elkarren arteko loturak dituzte arazo eta prozesu horiek, zalantzarik gabe, baina ez dira nahastu behar.

2) Batetik, ETAren indarkeriaren arazoa dago, bere solaskideekin tratamendu bereizia behar duena. Bestalde, bere irtenbide prozesua duen arazo politikoa dago. Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubidea aitortuta konponduko litzateke arazoa eta, beraz, euskal gizartea eta euskal alderdi politikoak dira protagonista nagusiak.

IV) Indarkeriaren arazoaren konponbidea. Solaskideak, faseak, zailtasunak.

1) Erakundeek eta gizarteak berak terrorismoaren biktima guztiei laguntzea eta babesa ematea behar du bake prozesuak, indarkeriak eragindako kalte ekonomikoak eta moralak ordainduz eta biktimen errekonozimendu etikoa eginez.

2) Indarkeriaren arazoaren irtenbideak bi protagonista nagusi ditu: ETA erakundea eta Espainiako gobernua. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak eta euskal alderdi politikook ere beharrezko eragileak gara prozesuak aurrera egin dezan bultzatzeko eta ahalbidetzeko.

3) Hiru etapatan egituratu daitezke prozesuaren faseak:

  • Su-eten iraunkorra egiaztatzea. Etapa hori ekainean emango da bukatutzat, Espainiako gobernuak iragarri duenez, ETAren adierazpena egin eta hiru hilabetera.
  • ETAren solaskideen eta Espainiako gobernuaren arteko elkarrizketa formala hastea su-eten iraunkorra egiaztatu ondoren.
  • Presoen eta armak uztearen alde "teknikoen" arazoari buruzko uneko akordioen prozesua eta irtenbidea ematea pixkanaka. Prozesu horrek Irlandako prozesuaren antza du, azkenean IRAk armak behin betiko uztea ekarri zuena.

4) Bake prozesuaren zailtasun nagusiak, iraganeko esperientzia txarren arabera, bi eratakoak izan daitezke:

  • Espetxeen gaineko politika aplikatzeko malgutasunik eza.
  • Prozesuarekin gustura ez dauden taldeek indarkeria erabiltzea.

V.- Gatazka politikoaren konponbidea. Normalizazio prozesua. Solaskideak, faseak, zailtasunak.

1) Arazo politikoa konpontzeko, jakina, arazoa badela aitortu behar da lehenbizi. Euskal herritarren gehiengoak -10etik 8k azterketa soziologiko guztien arabera- bere etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du, eta horixe da arazo politikoaren muina. Hots, erabakitzeko eskubidea duen herri bat dagoela aitortzea.

2) Espainiako estatuarekin dagoen arazo historikoa eta politikoa konpontzeko oinarrizko protagonistak euskal alderdi politikoak dira, herriaren borondatearen ordezkari legitimoak diren aldetik eta, azken finean, euskal gizartea bera. Beharrezkoa da gatazka politikoa konpontzea Euskadiren eta Espainiaren arteko elkarbizitzarako eredu bat lortu nahi badugu XXI. menderako, askatasunez atxikitzean oinarritua eta ez inposaketan.

3) Gatazka politikoa konpontzeko prozesuak, nire ustez, lau fase ditu:

  • Alderdien arteko elkarrizketa, elkarrizketarako mahaia eratu behar da, politika eta lurraldeko sentsibilitate guztiak izango dituena. Inor baztertu gabe. Mahaia eratu baino lehen, metodologia, edukiak, solaskideak, erabakiak hartzeko prozesua eta egutegia adostu behar dira alderdi guztien artean. Berme horiek izan ezik, porrota izan dezake mahaiak.
  • Akordio integratzailea. Euskal Herriak "erabakitzeko eskubidea" duela dakarren normalizazio politikorako akordioak gehiengoa behar du etorkizunerako elkarbizitzarako oinarri izateko. Ahalik eta adostasunik zabalena lortzea izan behar da xedea, baina ezin onar daiteke inoren betoa.
  • Egiaztapen demokratikoa. Euskal gizarteak baliozkotu behar du alderdien mahaian hartutako Akordioa. Euskal gizarteak eskubidea du hari galdetzeko eta bere iritzia emateko euskal alderdi politikoen mailan lorturiko emaitzari dagokionez.
  • Negoziazioa eta ituna. Akordioa egin eta hura demokratikoki berretsi ondoren, Espainiako estatuarekin negoziatzeko eta ituna egiteko prozesua ireki behar da euskal gizartearen borondate demokratikoa antolamendu juridikoan sartzeko, eta horretarako Euskal Herriaren eskubide historikoak aitortzen dituzten Espainiako Konstituzioaren xedapenak eurak erabiliko dira, baita Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturaren Nazioarteko Ituna ere, biak Espainiako Erreinuak berretsiak.

4) Zein dira euskal gatazka politikoa konpontzeko zailtasunak? Nire ustez, soilik ikuspuntu politikotik, bost zailtasun planteatzen dira:

· Lehenbizikoa: Espainiako Gobernuak ez onartzea proiektu politiko guztiak modu praktikoan definitu eta gauzatu daitezkeela, betiere abiaburu demokratikoekin bat etorriz.

· Elkarrizketa mahaian esertzeko prest ez dauden alderdiak izatea da bigarrena.

· Zenbait alderdi politikok konpondu beharreko arazo politikoa dagoela ez aitortzea da hirugarrena.

· Euskal gizarteak lorturiko akordioak demokratikoki egiaztatzea galaraztea da laugarrena.

· Espainiako Konstituzioaren interpretazio itxia eta zurruna nagusitzea da bosgarrena, euskal gizartearen borondatea antolamendu juridikoan sartzea galaraziko duena.

VI.- Erabakitzeko eskubidea: konponbidearen gakoa.

1) "Euskal Herriak autodeterminaziorako eskubidea du. Eskubide hori herritarrek beren estatus politikoa, ekonomikoa, soziala eta kultural askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko duten ahalmenean datza, bai bere marko politikoa ezarriz bere subiranotasuna beste herri batzuekin partekaturiko marko politikoa ezarriz, osorik edo zati batez". Horixe da Eusko Legebiltzarrak 1990eko otsailaren 15ean gehiengoz onetsitako adierazpenaren 1. artikulua. Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea aitortzea eta eskubide hori hitzarmenaren eta negoziazioaren bidez erabiltzea dira irtenbiderako gakoa. Hala ulertu du Idahoko Estatuaren Kapitolioak ere. Izan ere, 2002ko martxoaren 11n formalki onetsi zuen "Senate Memorial number 114" adierazpena, Euskal Herriak duen autodeterminazio eskubidearen aldekoa.

2) Herriek erabakitzeko duten eskubidea, hots, autodeterminazio eskubidea, Giza Eskubideen nazioarteko itunetan aitortua, ez da soilik antzinako koloniei aplika dakiekeen eskubidea, munduko herri guztiei datxekin eskubidea da, eta halaxe aldarrikatu du UNESCOk indarkeriazko gatazken prebentziorako funtsezko tresna gisa. Planteamendu hori egin zuen lehena Wilson presidentea izan zen lehen mundu gerraren ondoren: munduko nazioen arteko indarkeriazko gatazka berriak saihesteko funtsezko puntuetako bat da.

3) Autodeterminazio eskubidea izan da egungo Europa eratzeko oinarria ere. Berlingo harresia erori eta ekialdeko herri asko Europa berrian sartu ondoko -askatasunez hala nahi izan dutelako- Europako nazio burujabetza prozesua ez litzateke ulertuko autodeterminazio eskubiderik gabe. Hain zuzen ere orain dela hiru aste, maiatzaren 21ean, Montenegroko herriak autodeterminazio eskubidea erabili zuen modu baketsuan eta demokratikoan, Europaren erdi-erdian arazo historikoa eta politikoa bideratzeko.

4) Gizarte modernoetan eta aurreratuetan nortasunaren inguruko beste gatazka batzuk konpontzeko gakotzat jo dira erabakitzeko eskubidea eta hitzarmenak egin beharra, eta halaxe gertatu da Quebecen eta Kanadan. Horixe da euskal gatazka konpontzeko erreferentziazko adibiderik onena, betiere soilik giza eskubideak eta abiaburu demokratikoak erabiliz.

VII.- Nazioarteko erkidegoaren eginkizuna. Funtsezko ekarpena euskal gatazka konpontzeko.

1) Euskal gatazkaren irtenbide politikoa eta demokratikoa aurkitzeko protagonista nagusia euskal gizarteak berak izan behar du. Hala ere, Europako eta munduko antzeko gatazketan izandako esperientziek erakusten digutenez, nazioarteko erakundeen eta mugimendu zibilen laguntza eta "bultzada" funtsezkoa da gatazka politikoak konpontzeko.

2) Ildo horretan, zintzotasunez eskertzen ditugu Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko adierazpenak, Europako Batasunak zein Benedikto XVI.ak berak eginikoak. Nire ustez, funtsezko bermea izango litzateke Nazio Batuen erakundeak berak beren beregi adieraztea euskal gatazka konpontzearen alde dagoela.

3) Azkenik, pertsonalitate eta erakundeen nazioarteko sare bat sortu behar da, Euskal Herriko bake prozesua eta normalizazio politikoa gogotik lagunduko duena. Euskal gatazka konpontzeari begira, funtsezko eginkizuna bete lezake laguntza eta bultzada emateko nazioarteko batzorde batek, erreferentzia gisa balio izango zaizkigun lan egiteko beste esperientzia eta metodologiak ezagutzerakoan.

Amaitzeko, esperantzarako unea zuekin konpartitzeko etorri garela esan behar dut. Nazioarteko laguntza eta bultzada osagarri baliotsua izango da aurretik dugun lana burutzeko, baina jakin badakigu geu garela lana egin behar dugunok eta gure etorkizuna erabaki behar dugunok.

Ziur egon zaitezte aukera historiko hau baliatzeko prest gaudela. Eskerrik asko.

Ondorioak

1) ETAk pasa den martxoaren 22an iragarritako su-eten iraunkorrak aukera historikoa irekitzen du euskal gatazka konpontzeko, Europako era horretako azken gatazka politikoa.

2) Euskal gatazka arazo historikoa eta politikoa da, 170 urtez dirauena.

3) Euskal gatazka konpontzeak bi arazo konpondu beharra dakar:

  • ETAren indarkeriaren arazoa.
  • Euskadiren eta Espainiaren arteko harremanen arazo politikoa.

4) ETAren arazoa konpontzeko, indarkeriaren amaiera elkarrizketaren bidez landu behar da hiru fasetan:

  • Su-etena egiaztatzea.
  • Elkarrizketa formalak hastea.
  • Presoen arazoaren eta armak uztearen gaineko alde "teknikoen" arazoa konpontzea.

5) Euskal gatazka politikoa konpontzeko, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen herri gisa aitortu behar da Euskal Herria. Euskal gatazka politikoa konpontzeko protagonistak euskal gizartea eta alderdi politikoak dira, lau fase izango dituen prozesua landu beharko dutenak:

  • Alderdien arteko elkarrizketa mahai batean, inor baztertu gabe.
  • Erabakitzeko eskubideari eta euskal lurralde guztien arteko harremanei buruzko Akordio integratzailea.
  • Euskal gizarteak Akordioak berrestea.
  • Negoziazioa eta ituna Espainiako estatuarekin euskal gizartearen borondatea antolamendu juridikoan sartzeko.

6) Erabakitzeko eskubidea eta hitzarmenak egin beharra dira euskal gatazka konpontzeko gakoak, Quebec eta Kanadaren arteko gatazka bideratu den bezalaxe, hots, autodeterminazio eskubidearen eta abiaburu demokratikoen interpretazio eguneratua erabiliz.

7) Nazioarteko erakundeen laguntza funtsezkoa da euskal gatazka justiziaz eta demokraziaz konpontzeko.

"Peace can only last where human rights are respected, where the people are fed, and where individuals and nations are free".
Dalai Lama