Noticias - Ibarretxe.com
2008-07-15 ¦ Lehendakaria
Ibarretxek epaia irailaren 15a baino lehen emateko eskatu dio Auzitegi Konstituzionalari
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak epaia irailaren 15a baino lehen emateko eskatu dio Auzitegi Konstituzionalari (egun horretarako aurreikusi dute Eusko Jaurlaritzak sustatutako kontsulta deitzeko data), ekimena konstituzionala den edo ez adieraziz, baiezkoan kontsulta egin ahal izateko. Ebazpena egun horretarako jakinarazi ezean, Auzitegi Konstituzionalaren aurrean ipinitako helegitearen bidez kontsulta esekita uzteko agindua kentzeko eskatu dio.
Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian, Ibarretxek jakinarazi du helegitea erabaki prepotentea eta arbitrarioa dela, eta euskal autogobernua bertan behera uzten duela gaineratu du.
Hitzarmenean, kontsulta Konstituzioaren kontrakoa den edo ez irailaren 15a baino lehen adierazteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Konstituzionalari. «Egun hori bera da, izan ere, Legeak berak ezartzen duen deialdi eguna», zehaztu du.
Denbora tarte hori gaindituz gero, gatazka eta etenaldia mantenduta, kontsultak indarraldi osoa galduko luke, eta ezin izango litzateke egin. «Atzera bueltarik gabeko kaltea izango litzateke, Eusko Legebiltzarraren borondatearen kontrakoa, baita Gernikako Estatutuan aitortutako euskal herritarren partaidetza eskubidea zapuztea ere», esan du.
