Noticias - Ibarretxe.com
2008-06-24 ¦ Lehendakaria
Ibarretxek kontsulta egiteko borondate demokratikoa duela berretsi die herritarrei
«Herritarrei hitz egiten uzten ez badiegu, zer demokrazia da hau?». Juan Jose Ibarretxek urriaren 25ean euskal gizarteari kontsulta egiteko asmo sendoa duela berretsi zien bostehun lagun ingururi atzo bertan. Hala, lehendakariak esan zuen bere burua parlamentaritzat duen inork ezin diola ezezkoa eman ostiral honetan Eusko Legebiltzarrean bozkatuko duten Kontsulta Lege proiektuari.
Ibarretxeri, beste hainbat inkognitaren artean, Kontsulta Legearen proiektua aurrera ateratzeko izango dituzten zailtasunen inguruan galdetu zioten; izan ere, PPk eta PSOEk adierazi baitute ezezkoa emango diotela, eta EHAK-k, berriz, azken unera arte isilpean mantenduko baitu bere asmoa.
Lehendakariak adierazi zuen oraindik ere baduela itxaropenik kontsulta egiteko behar besteko babesa jasotzeko, «beste arrazoi batzuen artean, zaila delako pentsatzea parlamentariek herritarrei hitza ukatzeko botoa ematea. Hala balitz, zer demokrata mota izango ginateke?».
Baikortasun horrekin, Ibarretxek jakinarazi zuen ez dela «ezohiko» lege bat planteatzen ari, euskal herritarrei hitza emateko aukera bat ez bada. Horretarako, ohiko hauteskunde legedia erabiliko du, herritarren iritzia jakiteko, eta ez independentziaren edota bestelako proiektu politikoren baten inguruko kontsulta egiteko, alderdi politiko batzuek nahasten duten moduan.
