Noticias - Ibarretxe.com
2008-06-12 ¦ Lehendakaria
Ibarretxe: «Euskal administrazioek bultzada emango dute, Euskadin desazelerazioa gutxiago nabarmentzeko»
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak baieztatu du euskal administrazioek, ekonomia sustatzeko planaren bidez, bultzada bat emango dutela, desazelerazio ekonomikoa Euskadin inguruko beste ekonomia batzuetan baino gutxiago nabarmen dadin.
TVEko Telenorte saioari emandako elkarrizketan, Ibarretxek nabarmendu du Euskadi egoera hobean dagoela, «etxeko lanak eginda dituelako». Hala, jakinarazi du urteko lehen hiruhilekoan BPG ehuneko 3,1 handitu dela. Bere ustean, mundu mailako desazelerazio ekonomikoak zalantzarik gabe eragingo dio Euskadiri, eta elikagaien zein lehengaien prezioak garestitu izana eman ditu adibide gisa.
Edonola ere, adierazi du Euskadiko hazkunde ekonomikoa ehuneko 2,5 baino handiagoa izango dela aurten, eta Espainian baino hazkunde handiagoa izango dela ere baieztatu du.
Era berean, Ibarretxek ohartarazi du gero eta enplegu gehiago dagoela, eta hala egoten jarraituko duela. «Era berean, aurrezki pribatuaren tasa ere gero eta handiagoa da, eta enpresen zorpetze maila, berriz, txikiagoa.»
