Noticias - Ibarretxe.com
2008-03-23 ¦ Lehendakaria
Euskal herritarren erabakitzeko gaitasunaren formulazio demokratikoa 2008an lortzeko konpromisoa hartu du Ibarretxek
Eusko Jaurlaritzaren lehendakari Juan José Ibarretxek euskal herritarren erabakitzeko gaitasunaren formulazio demokratikoa aurten lortzeko konpromiso irmoa hartu du, 2008a desblokeo politikoaren urtea izan dadin. Gainera, iragarri du «herri gisa jauzi kualitatiboa emateko garaia» iritsi dela, eta ohartarazi du Euskadi «inoiz» ez dela Espainiaren zati «subordinatua» izango.
Aberri Eguna dela-eta Bilboko Plaza Berrian jarraitzaileen aurrean emandako hitzaldian, lehendakariak gogorarazi du EAJk dokumentuan bere egindako konpromisoa; hots, «modu askean erabakitzeko ituna sustatzea».
Alde horretatik, euskal gizarteari erabakitzeko gaitasuna aitortuko dion formulazio demokratikoa lortzeko ahal duen guztia egiteko konpromiso irmoa hartu du. «Hitza ematen dizuet nire eskuetan dagoen guztia egingo dudala 2008a Euskadiren desblokeo politikoaren urtea izan dadin», jakinarazi du.
