Noticias - Ibarretxe.com

« Volver a la noticias

2008-02-15  ¦ Lehendakaria

Ibarretxe: "Erabakitzeko eskubidea da konponbidearen giltza"

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak 20:00ak aldera amaitu du (05:00ak Euskal Herrian) AEBetan, Stanfordeko Unibertsitatean, eman duen hitzaldia. 300 bat lagunek hartu dute parte ekitaldian, aretoa guztiz betez, eta aurreko egunetan polemika ugari izan den arren, normaltasun osoz garatu da. Lehendakariak egungo egoera politikoaz eta bere ibilbide orriaz hitz egin du.

Bi zati izan ditu azalpenak. Hasiera batean Euskadiko egoera ekonomiko, sozial eta kulturalaz hitz egin du, hainbat datu emanez, eta ondoren, gatazka konpontzeko bere proposamena azaldu du. Gatazka politikoaren konponbidea lortzeko giltza bezala definitu du Ibarretxek erabakitzeko eskubidea. Eskubide horrek "Amerikako Estatu Batuetako independentzia aldarrikapena bultzatu" zuela eta "nazioarteko itun ugarik" barneratzen dutela esan du.

"Euskal gizartea banatzen duena ez da autodeterminazio eskubidearen gauzatzea, eskubide horren ukazioa baizik", esan du Ibarretxek Zapaterori erantzunez. "Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea eta eskubide hori itunaren eta negoziazioaren bidez gauzatzeko konpromisoa da konponbidearen giltza. Batzuetan, erabakitzeko eskubideak euskal gizartea banatzen duela esan ohi du (Zapaterori aipamen eginez).

Ez, bere etorkizuna erabakitzen ez uzteak banatzen du euskal gizartea", esan du.

Lehendakariak Bide Orria, itun politikoaren eskaintza eta kontsulta deialdia azaldu ditu konferentzian izan diren 300 gonbidatuen aurrean. Espainiako Gobernuaren espetxe politika eta ilegalizazio prozesuak zalantzan jarri ditu Ibarretxek. Haren esanetan, ETAren aurkako borrokan "ez dago lasterbiderik".

"Demokrazia batean, indarkeria ezin daiteke eskubide zibil eta politikoak bidegabe murrizteko aitzakia gisa erabili. Espainiako Estatuak komunikabideen itxiera eta euskal gizartearen alde bat erakundeetatik baztertzea bultzatu ditu", esan du.

ETAren jarduna eta gatazka politikoa izan dira hitzaldiaren ardatz garrantzitsuenak.

Konferentziaren sarreran herriaren erradiografia egin du Ibarretxek, euskal herritarren eta iparramerikarren loturei aipamen eginez.

Ekitaldia gorabeherarik gabe egin den arren, Unibertsitatearen kanpoaldean protesta egin dute hamar bat lagunek "ETAk hil egiten du, Ibarretxek negoziatu egiten du" (ingelesez) leloa zeraman pankarta bat eskutan.

Hitzaldiaren testu osoa (PDF, 400 Kb)